Zearkale osoan sarea berritzeko lanak hasi ditu Ur Kontsortzioak
Ur edangarria hornitzeko udal sarea berritzen jarraitzeko lanei ekin die berriz ere Gipuzkoako Ur Konstrortzioak. Horrek ur edangarria daraman fibrozementuzko hodi nagusia ezabatu eta berria sartuko du Zearkale guztian, zeinak zerbitzu ematen dien Zearkale, Diputazio eta San Pelaio auzokoei. Gaur egungo sareak bi lerro eta hodi ditu, fibrozementuzko 100 milimetroko sekzioa duena eta espaloien azpitik sartuta daudenak. Zearkaleko hodi nagusia berritzeaz gain inguruko Diputazio eta Etxarte nahiz Andaluzia zeharbideetakoak aldatuko dira. Hodia aldatu eta berria sartzeak hirurehun mila euro inguruko aurrekontua izango du, hain zuzen ere 293. 379,98 €, BEZ barne).
Lana Alzola Eraikuntzak enpresari esleitu zaio. Horren langileak abuztuaren 2ko asteazkenean obrako etxolak eta materiala pilatzeko gunea prestatu zuten, Diputazio 11. eraikinaren alboan dauden 5 aparkalekuak hartuta (Halcon Bidaiak bulegoaren alboan eta Antela tabernaren parean). Aste horretako gainerako egunetan hainbat kata edo zullo zabaldu zituzten hodi-lerroa nondik joango zen zehazte aldera, zeina zaharraren paretik sartuko den espaloien azpitik. Aste honetako astelehen eta asteartean lur-ebakia egin zuten Diputazio kalean, Merkatu plazatik –aurretik sarea utzitako puntutik- Villa taberna zenaren espaloira bitartean.
Lan hauekin lortu nahi diren hobekuntzak hainbat dira; batetik ur edangarriaren sarean fibrozementua ezabatzea eta, bestetik, hodiaren antzinatasunak eragiten dituen ur galerak eta matxurak gutxitzea. Obra hauetan 1000 metrotik gorako tartean hodi berria sartzea aurreikusita dago, hodi hori fundiziokoa izango delarik eta bere sekzioa 100, 125 eta 150 milimetrokoa kokapenaren arabera. Horres gain, hodi lerroa sektoreetan banatu edo berezitu egingo da, by-passak eratu ahal izateko.
Obrek hainbat afekzio edo eragin aurreikusita dituzte; bata trafikoan lan egingo den zonaldea –Kaltxango- dentsitate handikoa baita, hain zuzen ere horregatik hasi dira abuztuan inpaktua murrizteko. Izan daitezkeen eraginak zuzendaritzarekin, udal bulego teknikoarekin eta Udaltzaingoarekin aztertu eta koordinatu dira. Hodi-linea espaloietatik sartzean ere, oinezkoei hainbat kasutan eragingo diela aurreikusita dago. Atzo, astearte arratsaldean ura lau orduz moztu zuten Zearkale eta Diputazio tarteko lehen zati edo sektorean, arratsaldeko ordu 2etatik 6etara bitartean. Ur mozketa eta eten gehiago izango dira datozen asteetan zehar, horien gaineko zehetasunak Kontsortzioak emango dituelarik. Horia Zearkale guztian berrituko den arren, lana zatika egingo dute Alzolakoek eta hasteko lehen zatian zentratuko dira, portaletan jarri duten oharrean esaten denari jarraiki.
Lotutako albisteak

Zerbitzu-alorrak arrapala eta igogailuetan ditugun gorabeheren eta horiek konpontzeko aurreikusitako epeen berri eman du

Bizkaiko Foru Aldundiko teknikariek Gorlizko berreskuratze-zentrora eraman dute animalia

Gure herrian dauden 8.258 motordun ibilgailuen titularrek apirilaren 17tik maiatzaren 17ra izango dugu borondatez ordaintzeko epea