Pleno Txikiak 15 proposamen berri aurkeztu dizkio Udalbatzari
Pleno Txikiaren edizio berri bat izan da ostegun honetan Ermuko udaletxeko Bilkura Aretoan. Eskolako Agenda 21 programaren barne dago saioa, eta aurten hondakinen gaia izan da ardatz nagusia.
Herriko bost ikastetxetako 50 ikasle inguruk parte hartu dute Pleno Txikian, eta ikasturtean zehar garatu dituzten proposamenak aurkeztu dituzte bertan.
Ongarai, Eskolabarri, San Pelayo, Anaitasuna eta San Lorenzo ikastetxeetako ikasleek euren lana azaldu diete Udalbatzari, eta zinegotziek euren proposamenak, ondorioak eta eskaerak entzuteko aukera izan dute.
Udalak uraren inguruan iaz jaso zituen sei proposamen landu dira azken hilabeteetan, eta aurten, hondakinak ardatz, hamabost eskaera berri jaso ditu ikasleen aldetik. Ermuko Udalari egindako proposamenen artean, honakoak ditugu: zaborra modu egokian sailkatzeko edukiontzi eta zakarrontzi gehiago ipintzea ikastetxeetan zein herrian zehar; denda eta saltoki ezberdinetan plastikoen erabilera murrizteko neurriak hartzea sustatzea; hondakinen sorrera murrizteko eta birziklapena bultzatzeko kanpaina ezberdinak abiaraztea; eta edukiontziak erosoagoak izateko moldatzea.
Saioan bildutako zinegotziek adi entzun eta jarraitu dituzte gaztetxoen azalpenak, eta proposamen bakoitzari erantzuna eman diote. Topaketaren garrantzia azpimarratu dute, eta ikastetxeek Eskolako Agenda 21 programan egindako lana goraipatu dute.
Pleno Txikiaren ostean, ikasleek hamaiketako osasungarriaz gozatzeko aukera izan dute udaletxean, eta fruta ezberdinak dastatu dituzte.
Saioa zuzenean eskaini da Udal webgunearen bitartez, eta datorren osteguna baino lehen, ekainak 13, ikusgai izango da.
Egitasmoak Eusko Jaurlaritzaren babesa du, eta ikastetxeek Ermuko Udalaren, Debabarrena Eskualdeko Mankomunitatearen, Ingurugelaren eta Debegesa Garapen Agentziaren laguntza jasotzen dute.
Lotutako albisteak

Lehen Hezkuntzako ikasleentzako GJHen bertsio egokitua da, eta alkateak eta udal liburuzainak eraman dute

Mankomunitateak Ermuko gainerakoen frakzioan jasotako lagin bat ezaugarritu du ikasleen aurrean

Azaroaren 24ko igandean egingo da, goizeko 9etatik aurrera