Mankomunitatearen kontzientziazio-kanpaina, Gabonetan birziklapena sustatzeko
Debabarrena Mankomunitateak kontzientziazio-kanpaina berria jarri du abian, eskualdean birziklapena sustatzeko, batez ere Gabonetan. Olentzero, Mari Domingi, Errege Magoak eta Santa Klaus Gabonetako pertsonaiak dira kanpaina honetako protagonistak, Debabarreneko adin eta jatorri guztietako pertsonengana iristeko asmoz.
Gabonetan, izan garbi lelopean, Mankomunitateak gutun bat bidali du Gabonetako pertsonaien izenean eskualdeko etxebizitza guztietara, eta bideo didaktikoak ere egin ditu sare sozialetan zabaltzeko. Pieza horietan, kanpainako protagonistek hondakin mota bakoitza zein edukiontzitan utzi behar den azaltzen dute. "Gabonetan sortzen diren hondakinak oparietan, bazkarietan eta afarietan behar bezala birziklatzea" da bere nahia. Gainera, "birziklatzen ez duenak edo oker egiten duenak ikatza izango du opari", azpimarratu dute.
Sortzen dugun hondakin kopurua nabarmen handitzen da Gabonetan, eta egun horietan ezinbestekoa da hondakin bakoitza dagokion edukiontzira botatzearen garrantzia azpimarratzea. Debabarrena Mankomunitateak adierazi duenez, euren helburua 2030erako %70eko gaikako bilketa lortzea da, eta horretarako herritarren laguntza ezinbestekoa da. Kontzientziazio-kanpainaren bidez, eskualde mailan gaikako bilketaren garrantzia landu nahi da, herritarrak hondakinen kudeaketaz kontzientziatzeko eta hobera aldatzea lortzeko.
Lotutako albisteak

Lehen Hezkuntzako ikasleentzako GJHen bertsio egokitua da, eta alkateak eta udal liburuzainak eraman dute

Mankomunitateak Ermuko gainerakoen frakzioan jasotako lagin bat ezaugarritu du ikasleen aurrean

Azaroaren 24ko igandean egingo da, goizeko 9etatik aurrera