Jada birziklatu daitezke kafe-kapsulak mini garbiguneetan
Plastikozko edo aluminiozko kafe kapsulen erabilerak nabarmen egin du gora azken urteotan. Orain arte, hondakin horiek errefusaren edukiontzi grisean uzten ziren eta ez ziren birziklatzen, baina gaurtik aurrera irteera bat eman ahal izango zaie birziklatzeko edo balorizatzeko.
Debabarrena eskualdean kokatzen diren 12 mini garbiguneek bi konpartimentu dituzte jada kafe-kapsulak uzteko: bata aluminiozkoentzat, eta bestea plastikozkoentzat. Kutxak bete ahala, Mankomunitateak garbigunera eramango ditu kapsulak, eta Nestle enpresak jasoko ditu birziklatzera eramateko. Nahi izanez gero, zuzenean Mallabirako bidean kokatzen den garbigunera ere eraman daitezke hondakinak.
Ermuak bi mini garbigune ditu herrian: bata Diputazio kalean, Merkatu plazaren albo batean, eta bestea San Antonion, ermitaren ondoan.
Nestlerekin hitzarmena
Zerbitzu berri hau Debabarreneko Mankomunitateak eta Nestlek sinatutako hitzarmenari esker ezarriko da, eta zerbitzuak ez du inolako kosturik izango herritarrentzat. Akordioak lau urteko iraupena du, luzatzeko aukerarekin.
Mankomunitatetik adierazi dutenez, "hitzarmen hau aurrerapauso bat da, lehen eskualdean birziklatu ezin genituen hondakinak birziklatzeko aukera ematen baitu. 2030erako gaikako bilketaren %70era iristeko helburua asmo handikoa da, eta horrelako ekintza txikiek norabide zuzena markatzen dute."
Aldaketak mugikorrentzako kutxetan
Mini garbiguneek 14 konpartimentu dituzte guztira, eta horietatik hiruk telefono mugikorrekin lotutako hondakinak botatzeko balio izan dute. Orain, bi kutxa kapsulak jasotzeko erabiliko direnez, mugikorren hondakinek konpartimentu bakarra izango dute. Gainerakoak honela mantendu dira:
- 8 tiradera txiki, hauetarako:
- Aluminiozko kapsulak
- Plastikozko kapsulak
- Bonbillak
- Aerosolak
- Erradiografiak
- Pilak
- Telefono mugikorrak, kargagailuak eta bateria txikiak
- CDak eta DVDak
- 6 kubo handi, honako hauetarako:
- Kable elektrikoak eta txatar-bolumen txikia
- Etxetresna elektriko txikiak (plantxak eta txigorgailuak)
- Etxetresna elektriko txikientzako kubo gehigarri bat
- Ordenagailu eramangarriak, bideo-joko kontsolak eta bideo-jokoak
- 10 litrotik beherako edukiera duten pintura-poteak
- Inprimagailuen kartutxoak
Lotutako albisteak

Lehen Hezkuntzako ikasleentzako GJHen bertsio egokitua da, eta alkateak eta udal liburuzainak eraman dute

Mankomunitateak Ermuko gainerakoen frakzioan jasotako lagin bat ezaugarritu du ikasleen aurrean

Azaroaren 24ko igandean egingo da, goizeko 9etatik aurrera