Mª Josefa de Aedo y González
Gure herriko emakume historiko-erlijioso hau aprobetxatuko dugu Konbentukoa kalea dagoen ingurunea testuinguratzeko. Bertan Txotxoloneko, Otxuaneko eta Motxuaneko baserriak zeuden. Bere garaian Santa Margarita komentua kale horretan zegoelako zuen izena, harik eta 1600. urtean Baldespina Markesaren kalera (lehengo Barrenkale) eraman zuten arte.
1676an Elorrioko herriak komentuaz arduratzea erabaki zuen eta Ermua behin betiko utzi zuten. Kale horrek Foru kalea izena hartu zuen gerraostean, eta 1979an Konbentukoa izena berreskuratu zuen.
Orain bai, uler dezagun nor izan zen aipatu dugun erlijiosoa.
María Josefa Aedo González Mesedeetako Andre Mariaren Errege Ordenako eta Gatibuen Erredentzioko moja izan zen. 1767an jaio zen Ermuan, eta 1805ean hil zen Santiagon. Aita Manuel Aedo Ermoso izan zuen, eta ama, Francisca González de la Matanza. Aita 1780an hil zenean, ama Francisca eta biak A Coruñara joan ziren, eta han oinarrizko lanak ikasi zituen Klarisen Ordenako Santa Barbara komentuan. Geroago, klausurako moja gisa sartu zen Mesedeetako Ama Oinutsen klausurako ordena erlijiosoan, Santiagon kokatutako komentuan.
Bere bizitza erlijiosoan, 1788an Sor Maria Josefa del Rosario izena hartu zuen.
Bere ibilbide erlijiosoan zehar A Santiña das Madres bezala ere ezagutzen zen, eta hil ondoren, izen herrikoi hori ezagunagoa egin zen eta Eliza bere Beatifikazioa tramitatzera iritsi zen. Dena dela, ez zuten beatifikatu, dokumentazioa galdu zelako. Bere garaian, beatifikatzeko eta horretarako dirua biltzeko ekimenak abiarazi ziren, baina hori ere ez zen gauzatu.
