Argazki eta poesia lehiaketak
Gaztela eta Leoneko Zentro Kulturalak bi lehiaketa deitu ditu, urtero antolatzen duen eta aurten hogeita hirugarren edizio betetzen duen kultur eta kirol astearen barne. Jarduerak eta egitaraua ofizialki datorren larunbatean, urriaren 1ean, hasiko dira. Nolanahi ere, egitarauaren barne bi txapelketa jasotzen dira, bata argazkilaritzakoa eta, bestea, poesiakoa, ‘Miguel Angel Aja’ren oroimenez eta bere izena daramana. Bietan parte hartzea librea da eta zabalik dago nahi duen ororentzat. Argazki lehiaketako gaia Gaztela eta Leoneko erkidegoa izango da, bere hedadura eta zabaltasun osoan. Argazkiak koloretakoak edo zuri beltzezkoak izan daitezke eta euskarri zurrun batean aurkeztu beharko dira. Lehiakide bakoitzak, gehienez ere, laur argazki aurkez ditzake. Lanak zentroaren egoitza sozialera eraman behar dira edo postaz bertara bidali, datorren irailaren 30era arte. Lanekin batera autorearen datuak zehazten dituen txartela erantsi beharko da gutunazal itxi batean. Epaimahaiak bere erabakia ezagutaraziko du urriaren 9ko igandean. Aurkeztutakoen artean bi onenak 200 eta 100 euro hartuko dute, eskudirutan. Aurkeztutako argazkiak ikusgai jarriko dira urriaren 1etik 9ra bitartean.
‘Miguel Angel Aja’
Poesia lehiaketako gaia librea izango da eta, lanak originalak eta argitaratu gabeak. Horien luzera autorearen esku dago, nahiz eta gehienezko luzera, espazio bikoitzean idatz makinatutako bi orrialde izango den. Aurreko kasuan bezala, lanak zentroaren egoitzan entregatu edo bertara postaz bidali beharko dira, autorearen datuak itsatsiz gutunazal itxi batean. Epea irailaren 29an itxiko da eta epaimahaiak bere erabakia jakinaraziko du urriaren 8ko larunbatean. Sari bakarra dago eta irabazleak, 300 euro jasoko ditu eskudirutan.
Lotutako albisteak

'Pintxolagun' osteguneko 19:30etan eta 'Gurasolagun' ostiraleko 17:15etan