2007ko Santixauak prestatzeko bihar bilduko dira Txarangak
Ermuko Txaranga Batzordea bihar bilduko da, arratsaldeko 7etatik aurrera, Lobiano Kultur Gunean. Batzordea herriko jaietako hurrengo edizioaren azken gauzak lotu eta zehazteko bilduko da. Organoak ohar bat kaleratu du, herriko txaranga guztiei dei eginez bileran parte har dezaten, tratatuko diren gaiak garrantzitsuak baitira. Kaleratutako oharrean jasotzen denez ‘aurtengo ediziorako proposatu nahi diren aldaketak aurkeztu eta horien inguruan berba egingo da’. Jorratuko diren gaien artean jolas herrikoak, zezen eguneko paellak, haurren eguna eta, behar bada, garrantzitsuena uztailaren 24ko aurkezpen ekitaldi eta kalejira dira. Azken gai hori dela-eta, batzordeak dei berezia egin die txaranga zaharrenei, antzinako desfile eta kalejira berreskuratzeko proposamena luzatuko baitie. Batzordeak, azken urteetako aurkezpen eta kalejira zoroaren ordez, lehenagoko lasaiagora bueltatzearen aldeko apustua egin nahi du. Gaur eguneko aurkezpen ekitaldi eta kalejira zoroagoak dira eta San Ferminetako txupinazoarekin antza gehiago dute, txaranga kide nahiz musikariek blai eginda bukatzen baitute. Gainera, azken urteetan ekitaldi horretan, mutiko koskor ugari ikusi izan dira edanda, beren buruari eutsi ezinda, eta horrelakoak ekidin nahi dira.
Lotutako albisteak

'Pintxolagun' osteguneko 19:30etan eta 'Gurasolagun' ostiraleko 17:15etan