Eskolabarrik planeta zaintzeko eskutitza eta bere mezua zabaltzeko deia egin du, IRAES 21 sareko ikastetxeekin batera
Eskolabarri ikastetxeko ikasleek “Gazteen Arduren Gutuna: Zain dezagun planeta” agiria aurkeztu dio Ermuko herriari. Agiriaren jatorria Brasilian, 2010eko ekainaren 5etik 10era, Nazioarteko Haur eta Gazteen Konferentzian dago: “Vamos cuidar do planeta” lemapean gauzatutakoa. Horretan 62 herrialdeetatik etorritako 500 bat gaztek parte hartu zuten. Euskal Erkidego Autonomoan, Eskolako Agenda 21 programa garatzen duten ikastetxeen artean, “Eskola Jasangarriek” osatzen duten IRAES 21 sareak, gazteek adostutako Arduren Gutuna ezagutzera ematearen erronka hartu du bere gain. Horien artean Ermuko Eskolabarri dago –eskola jasangarriaren ziurtagiria eta bandera duena-. Hori horrela, eskutitzean jasotako ardurak ekimen eraldatzaile bihurtu nahi dituzte, horretarako “Ez bada orain, noiz? Ez ba gara gu, nortzuk?” lema erabiltzen ari direlarik.
Agiria gizarteari hedatu eta helarazteari begira, ingurumen gaiak lantzen duten ikasleek udaletxean izan ziren astearte eguerdian. Paula Laskurain, Erika Sanmamed, Alex Castro eta Nerea Alberdi -Lehen Hezkuntzako 4 eta 6 ikasleek- eta Juan Fernandez irakaslea alkatearekin, ingurumeneko zinegotziarekin eta ataleko teknikariarekin bildu ziren. Gaztetxoen bozemaileek ekimenaren berri eman eta herrian egindako jarduerak azaldu zizkieten Carlos Totorika, Felix Prol eta Natalia Ruari. Jardueren artean, muralak, kartelak, eskutitza eta agiri osagarriak taberna eta dendetan banatzeko eta bloga irekitzea daude, edukia lau haizeetara zabaltzeko, eta hari atxikimenduak lortzeko xedez.
Eskolabarrik Brasilian egindako konferentzia prestatzeko bileretan parte hartu du, bertara joan ez arren beren proposamenak aurkeztu izan zituztelarik. Gerora, Gasteizen egindako eta, aste honetako asteazkenean, Busturian egindako batzarrean parte hartuz. Udaletxera etorritako ikasleek osokoaren Batzar Aretoa ikusi zuten, bertara laster bueltatuko baitira, Eskolako 21 Agenda ekimenaren baitan urtero egiten den ikasleen Osoko Bilkura txikian parte hartzeko. Aurtengo ikasturtean Eskola 21 Agendan mugikortasunaren gaia landu dute eta ikastetxe guztietako ordezkariek Udalbatzaren aurrera beren proposamenak aurkeztera etorriko dira hemendik gutxira. Proposamenak, mugikortasunari ez ezik inguru giroa bere osotasunean hartuko dute kontutan. Emango dugu horren berri ere.
Lotutako albisteak

Lehen Hezkuntzako ikasleentzako GJHen bertsio egokitua da, eta alkateak eta udal liburuzainak eraman dute

Institutuko bigarren urteko ikasleek uretako edo mendiko abentura jardueraz gozatuko dute egin duten proiektuari esker

Ostiral honetan, azaroaren 29an, 17:00etatik 19:00etara Orbe Kardinala plazan edo, euria eginez gero, Merkatu plazan