Edukiontzi marroian izena emateko epea bihar amaituko da

19.11.12
Ingurumena

Azaroaren 20ra arte izena ematen dugun ermuarrok bio hondakinak jasotzeko ontzi-otarra, poltsa konpostagarriak, azalpen foiletoa eta giltza jasoko ditugu doan

Bio hondakinak modu berezituan jasotzeko sistema berrira atxiki eta izena emateko epea bihar –azaroaren 20an- amaituko da. Izen emateak aurreko asteko asteartean hasi ziren eta ordutik pertsona ugarik agertu dute beren interesa parte hartzeko edo ekimenean bat egiteko. Horrekin birziklatze berezituan aurrera jauzia egingo dugu, jada –kartoiarekin, ontziekin edo beirarekin egiten dugunaren bidetik- gauza bera eginez hondakin organikoekin. Hainbat bizilagunek izena eman dute beren etxebizitzako portaletan jarri ditugun orrialdetan inskribatuz edo argibide gehiago jasotzeko edo zuzenean inskribatzeko ‘Artelatz’ ingurumen aholkularitzaren 943 670 249 telefonora deituz.

Ekimenak ingurumenaren alde egiteko xedea du. Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak kudeatzen du bio hondakinak bereiz jasotzeko sistema berria. Lehenbiziko esperientziak Eibarren eta Elgoibarren jarri ziren abian pasa zen irailean eta orain, aldiz Ermuko biztanleriari eskainiko zaigu.

Izena emateko epea azaroaren 13an hasi eta 20an bukatuko da eta hilaren 29tik aurrera beharrekoak diren materialak etxez-etxe banatuko dira. Hondakin-mota hori biltzeko prozedura: izena ematen dutenek etxean jasoko dute —doan— honako kit hau: ontzi marroi txiki bat, poltsa biodegradagarriak —ez dute balio ohiko poltsek, plastikozkoek—, informazio-liburuxka bat eta giltza berezi bat, kaleko edukiontzi marroia irekitzekoa. Beti itxita egoten denez edukiontzi hori, behar den informazioa eman behar zaio zerbitzuaren erabiltzaileari zaborra nola bereizi eta giltza berezia nola erabili jakin dezan. Oso erraza da ekimen honetarako izena ematea: Ermuko herritarrek, beren etxe-atarietan jarritako informazio-karteletan eman dezakete izena –aipatutako egunetan zehar-, edo, bestela, 943670249 telefono-zenbakira deituta (bulego-ordutegian). Bi herri horietako biztanleek kanpainari eta izena emateko moduari buruzko informazioa jaso dute beren postontzietan.

Zenbait kalkuluren arabera, etxe bakoitzean sortzen den zaborraren % 43 inguru organikoa da, eta behar bezala bereizi, poltsa biodegradagarritan sartu eta edukiontzi marroietara botaz gero, konpost (ongarri) bihur daiteke. Begetal-jatorriko hondakinak —frutak, barazkiak, lekariak, ortuariak, pasta, loreak eta abar—, animalia-jatorrikoak —haragia, arrautzak, arraina, itsaskiak eta dagozkien azalak edo hezurrak— eta sukaldeko papera, ezpain-oihalak eta paperezko zapiak, arrautza-ontziak, kafe-iragazkiak, ogi- eta opil-hondarrak, kortxo naturalak eta txotxak dira, besteak beste, etxeko zabor organikoa.

Parte hartzera anima zaitez! Ingurumena zaindu dezagun!

Lotutako albisteak

Imagen
24.01.25
Iraunkortasunaren aldeko "Agenda txikia" ikastetxeetan jada

Lehen Hezkuntzako ikasleentzako GJHen bertsio egokitua da, eta alkateak eta udal liburuzainak eraman dute
Imagen
21.11.24
Hondakinak behar bezala bota eta aprobetxatu ahal izateko saio praktikoa

Mankomunitateak Ermuko gainerakoen frakzioan jasotako lagin bat ezaugarritu du ikasleen aurrean
Imagen
18.11.24
Artarraik ‘Ireki begiak, erne belarriak’ ekimenaren edizio berria antolatu du

Azaroaren 24ko igandean egingo da, goizeko 9etatik aurrera