Familien %30 erabiliko dugu edukiontzi marroia bio hondakinak kaleratzeko
Momentuz 1838 familia ermuarrek baietz esan diogu eduki ontzi marroiari eta etxean egindako bio hondakinak bereizteari, gerora konpostajea egin dadin. Eraikin eta portaletan jarritako izen-emate orriak bildu eta zenbatu ondoren ‘Artelatz’ ingurumen aholkularitzak ezagutzera eman dituen datuen arabera 1838 familiok izen eman dugu. Ermuan 16.302 biztanle garenez eta 6.270 famili unitate (familiako 2,6 biztanle) ditugunez, baietza eman dugunon portzentajea %29,31 da.
Orrietan 1.543 familiek jarri dute izena eta beste 295ek deituz telefonoz
Izena eman duten kopurua oso positibotzat jo da, herriko etxebizitzen herena izan baita. Horrez gain, ez da ahaztu behar sistema martxan jarri eta horren funtzionamendua ezagutu aurretik egin izan dela parte hartu nahi dutenen izen bilketa. Antolatzaileen aurreikuspena herritarren %20-tik 25era bitartekoa izan zitekeela zen, kopuru hori goitik pasa eta bete delarik Ermuan.
Azaroaren 28ko asteazkenean materialak banatzen hasiko da Artelatz, horiek etxebizitza bakoitzera eramanez. Orain bat egiteko aukera duzu 943 670249 telefonora deituta
Datorren asteko asteazkenean Artelatz enpresa materialak banatu eta eramango ditu etxeetara: ontzi-otarra, poltsa konpostagarri multzoa, azalpenak biltzen dituen foiletoa eta giltza bana. Edozein arraozi dela medio, familiaren batek izena ematerik izan ez badu, oraindik garaiz dabil, 28a baino lehenago 943 670249 telefonora deitu behar duelarik bilketa sistema berriarekin bate egiteko. Asteazken horretan etxez etxeko material banaketa egingo baitigute.
Familia ermuarrak bio hondakinak ontzi marroian noiznahi utzi ahal izango ditugu, bakoitzaren behar eta gogoaren arabera, ez baita ezarri ordutegi zehatzik ez eta bestelako mugarik. Etxean jasoko dugun giltzari –plastikozkori nahiz metalezkoari- esker edukiontzi behar dugunean zabaldu ahal izango baitugu. Ordutegi zehatzik ez da ezarri ezta gomendatu ere. Herritar bakoitzak erabakiko du bere kasa, bio hondakinak noiz jaitsi.
Anima zaitez eta parte hartu! Ingurumena zaindu dezagun!
Lotutako albisteak

Lehen Hezkuntzako ikasleentzako GJHen bertsio egokitua da, eta alkateak eta udal liburuzainak eraman dute

Mankomunitateak Ermuko gainerakoen frakzioan jasotako lagin bat ezaugarritu du ikasleen aurrean

Azaroaren 24ko igandean egingo da, goizeko 9etatik aurrera