San Pelayoko ikasleek sinadurak bildu dituzte herritarrak hirigunearen zaintzan inplikatzeko xedez

20.06.13
Hezkuntza

San Pelayo ikastetxeko Lehen Hezkuntzako ikasleek sinadurak bildu dituzte ermuarrok gure herria zaintzeko dugun premiaz kontzientziatu eta inplikatzeko asmoz. LHko 3. eta 4. mailakoek “ikasketa eta zerbitzu solidarioa” izeneko proiektua gauzatu dute. Taldeak herriko ajeen inguruko hausnarketa egin ondoren, zortzi neurri proposatu dituzte egoera irauli eta hobera egiteko. Proposamenak letrak eta marrazkiak uztartuz idatzi dituzte, hainbat kasutan errimak bilatuz deigarriago egin asmoz. Taldeak idatzia fotokopiatu eta herrian barne zabaldu du, atxikipenak eta sinadurak biltzeko. Hainbat lan ikusgai eta erakusketan izan dituzte herriko Eroski Center supermerkatuan eta bertan sinadurak biltzeaz gain, eskaria Udaletxera ere eraman dute, Abiapuntu bulegoan eskainiz. Gutxi balitz, ikastetxeko gainerako kide eta geletan zabaltzeaz gain, Hirigintza eta Herri Lanen zinegotziarekin eta zuzendariarekin ere bildu dira proposamenaren berri zuzena emateko.

Taldeak idatzi duenez “hirigunea ez dugu baldintzarik onenean”. Eta horren erantzuna da, gehitzen dutenez “herritarrok modu okerrean erabiltzen baititugu paperontziak, berdeguneak, eta abar…”. Horiek horrela, zibismo eta inplikazio eza sumatzen duten guztiei eskatzen dutenarekin bat egin eta idatzia sinatzeko eskatu dute.

Zortzi proposamenak ondorengoak dira:

  • Nire txakurraz eta honek egindako kakaz arduratuko naiz.
  • Txiklea mastekatzea gustuko dudanez, paperontzira botako dut.
  • Poltsa, plastiko eta hondarrak paperontzira bota behar.
  • Erre eta gero, zigarro-punta hautsontzira botako dut.
  • Ezer iragarri nahi izanez gero, horretarako ditudan espazioak erabiliko ditut.
  • Berdegune, loreontzi eta loreak oro har, errespetatuko ditut.
  • Poltsa, beira, kartoi edo organikoa edukiontzien barne jarriko ditut.
  • Nire gauzak ondo kontserbatzea gustuko dudanez, besteenarekin ere gauza bera egingo dut.

Taldeak Ermuko Eroski Center denda bisitatu du

Ikasle taldea orain egun batzu gure herriko Eroski Center denda bisitatu zuen. Ainhoa Arritaunaindia dendaburuak egin zien harrera, erakustaldia egin eta azalpenak eman. Arduradunak bertako jarduera dela-eta sortzen dituzten kartoi, plastiko eta hondakin organikoekin zer egin eta horiek nola birziklatzen dituzten azaldu zien. Baita semaforo nutrizionalaren inguruko azalpenak eman, kooperatiba jaki osaseuntsuen aldeko apustu sendoa egiten ari baita azken urteetan. Bisita amaitu aurreetik gosaritarako saltzen dituzten hainbat produktu banatu zizkien eta hainbat opari zozketatu umeen artean.

Lotutako albisteak

Imagen
24.01.25
Iraunkortasunaren aldeko "Agenda txikia" ikastetxeetan jada

Lehen Hezkuntzako ikasleentzako GJHen bertsio egokitua da, eta alkateak eta udal liburuzainak eraman dute
Imagen
HLHko ikasleak, Gaztekimeneko lehen saria jasotzen | Alumnado de FPI recibiendo el primer premio de Gaztekimen
13.12.24
Ermua-Mallabia HLH institutuko lau ikaslek Gaztekimen proiektuko lehen saria eskuratu dute

Institutuko bigarren urteko ikasleek uretako edo mendiko abentura jardueraz gozatuko dute egin duten proiektuari esker
Imagen
25.11.24
Jolaserako txoko dibertigarriak Hiri Hezitzailearen Nazioarteko Eguna ospatzeko

Ostiral honetan, azaroaren 29an, 17:00etatik 19:00etara Orbe Kardinala plazan edo, euria eginez gero, Merkatu plazan