Planetaren alde argiak itzaliko ditu Ermuak
La Hora del Planeta kanpaina martxoaren 19an, larunbata, iritsiko da aurtengoan mundu guztiko herri eta hirietara, eta Ermua ez da gutxiago izango. Udalak bat egin du WWF Munduko Natura Funtsak bultzatutako ekimenarekin, eta hainbat eraikin eta gunetako argiak ordubetez itzaliko ditu.
2007an jarri zen martxan lehen aldiz La Hora del Planeta, eta urte hauetan zehar ingurumenaren aldeko munduko kanpainarik garrantzitsuena bilakatu da. Ekimena administrazio publikoari, ikastetxeei, elkarteei, entitateei, enpresei edota hiritarrei zuzenduta dago, eta ordubetez argiak itzaltzea bezalako keinu sinboliko baten bitartez, klima aldaketaren aurkako borrokarekin bat egin dezake nahi duen orok.
2015eko edizioan, 172 herrialdek egin zuten bat kanpainarekin: mundu guztiko 10.000 hiri, mila milioi pertsona eta milaka enpresa.
WWFk azpimarratu du, gainera, iazkoa inoizko urterik beroena izan zela, eta atmosferan egun dagoen CO2 kontzentrazioa dela eta, planetan bizitzen jarraitzeko ondorio larriak izan ditzakeen egoeran gaudela. Bestalde, abenduan, Parisko Klimaren Gailurrean, mundu guztiko gobernuek akordioa sinatu zuten klima aldaketaren aurka aritzeko.
Hori guztia kontuan izanda, kanpainaren helburu nagusia etorkizunerako bide berri bat hastearen garrantziaz eta presaz kontzientziatzea eta klimaren aldeko mezu argia zabaltzea da. Hori dela eta, 2016ko La Hora del Planetaren leloa “Itzali argia eta aldatu klimaren alde” izango da. Itzalaldia mundu guztian une berean izango da: martxoaren 19an, larunbata, 20:30etik 21:30era.
Ermuko Udalak aurten ere bat egingo du kanpainarekin. Aipatutako egun eta orduan, Orbe Kardinalaren plazako argiak eta Udaletxeko, Lobiano jauregiko, Teresa Murga eraikineko eta Ermua Antzokiko argi apaingarriak itzaliko dira. Gainera, herritar guztiei parte hartzeko gonbita luzatu zaie, energia aurrezteko keinu polit hori egin dezaten.
Guztiok batera klima aldaketari aurre egiteko gai gara. Iritsi da unea.
Lotutako albisteak

Lehen Hezkuntzako ikasleentzako GJHen bertsio egokitua da, eta alkateak eta udal liburuzainak eraman dute

Mankomunitateak Ermuko gainerakoen frakzioan jasotako lagin bat ezaugarritu du ikasleen aurrean

Azaroaren 24ko igandean egingo da, goizeko 9etatik aurrera