M.A. Blanco gogoan Ermuan, erail zuteneko XX. urteurrenean
Astearte honetan, uztailak 11, hogei urte betetzen dira Miguel Ángel Blanco Garrido Ermuko Udaleko PPko zinegotzia bahitu eta, egun batzuk geroago, erail zutenetik. Era berean, zinegotzi ermuarraren bahiketaren ondorioz eratu zen hiritarren mobilizazioak ere bi hamarkada betetzen ditu. Askatasunaren eta terrorismoaren amaieraren alde egitea zuen xede mugimendu hark.
Horrelako data esanguratsua izanik, Ermuko Udalak zinegotziaren eta 1997ko uztaileko hiritar mobilizazioaren omenaldi ekitaldia antolatu du astearte honetarako. Aurreko urteetan egin bezala, gorazarre ekitaldia San Pelaio parkean ospatuko da, Agustín Ibarrolak egindako biktimen omenezko monolitoaren aurrean.
Ekitaldia 12:00etan hasiko da, Carlos Totorika alkatearen eta José María Calleja kazetariaren parte-hartzearekin. Jendetza ugari espero da bertan, tartean, Eusko Legebiltzarreko eta Batzar Nagusietako talde politiko guztietako kideak, Ermuko eta inguruko Udaletako zinegotziak eta zinegotzi ohiak eta hedabideak.
Carlos Totorikak pasatu den ekainaren 20ko Informazio Batzordean aurkeztu zuen moduan, Miguel Ángel Blanco oroitzeaz gain, Ermuko Udalak aintzat hartu nahi ditu ETAren indarkeriaren aurka eta askatasunaren aldeko hiritar mugimenduetan parte hartu zuten pertsona guztiak –batez ere Ermuko bizilagunak- eta garaiko gizartea.
Trafiko etenak ekitaldiak iraun artean
Bihar, asteartea, ospatuko den omenaldia dela eta, horrela, trafikoa etengo da herriko hainbat puntutan. Zehazki, San Pelaio plaza, Diputazio kalea (kiroldegiaren inguruan), San Pelaio zeharkalea eta Monte Hermoso kalea trafikoarentzat itxita egongo dira 11:15etik 13:30era.
Ermuko Udalak herriko bizilagunen lankidetza eskatzen du, eta ekitaldiak irauten duen bitartean izango diren trafiko etenek sor ditzaketen arazoengatik barkamena eskatzen du.
Argazki-erakusketa, igandera arte zabalik
Bestalde, 1997ko uztailaren 10etik 14ra bitartean, Miguel Angel Blanco zinegotzi ermuarra bahitu zutenetik hura erail ondorengo egunetara arte ateratako argazki bilduma ikusgai dago Lobiano Kultur Gunean. Herriko bizilagun eta argazkilari batek utzitako 26 argazkik osatzen dute erakusketa, eta helburua Blanco zinegotzia omentzea da; baita une hartan askatasunaren eta terrorismoaren amaieraren alde borroka egin zuen hiritar mobilizazio jendetsua ere.
Erakusketa uztailaren 16a arte, igandea, egunero izango da zabalik: astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara, eta larunbat eta igandeetan 11:00etatik 14:00etara.
Lotutako albisteak

Udalak positibotzat jo du kolektiboek eta herritarrek espazioaren etorkizunaren definizioan duten inplikazioa