TAO sistema abian da berriro ere irailaren 1etik aurrera
Ermuan txandaka aparkatzeko dugun zerbitzu arautu eta doakoa abian da berriro ere gaurtik aurrera, irailak 1, abuztu osoan zehar bertan behera izan ostean. Ermuan 42 aparkaleku daude txandakako TAO sistemaren bitartez (Trafikoaren eta Aparkalekuaren Ordenamendua) kudeatzen direnak 2013tik.
Udalerriaren erdigunean aparkamendu mugatua erregulatzeko sistemari esker, hiritar guztiek txandaka erabili dezakete lekua eta aparkalekua aurkitzea errazten du. Horrela, erabilgarria izateaz gain, herriko merkataritza, zerbitzu eta ostalaritzarentzat lagungarri eta suspergarri izan daiteke.
Ermuko TAOren ezaugarriak
Ermuan 3 zonalde eta 42 aparkaleku daude sistema honen barne. Horietan, ordubetez doan utzi daiteke ibilgailua, baina ez dago denbora tartea luzatzeko aukerarik. Honakoak dira zonak:
- 1. zonaldea: Valdespina Markesa kalea, Konbentukoa kalearekin elkartzen den tokitik Valdespina Markesa kalearen 5eraino, eta Konbentukoa kalearekin elkartzen den tokitik Valdespina Markesa kalearen 7raino; Probaleku kalea, Goiko plazaren espaloian, lurperatutako edukiontzietatik Goiko plazara sartzeko kalexkarekin elkartzen den tokiraino.
- 2. zonaldea: Diputazio kalea, 3 eta 7 atalondoen artean.
- 3. zonaldea: Karabixa, alde bietan.
Ordubetera mugatutako doako TAO 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:0etara izaten da abian, astelehenetik larunbatera. Igandeetan, jaiegunetan eta abuztuan bertan behera uzten denez, aparkatzea libre da; gauza bera gertatzen da funtzionamenduko ordutegitik kanpo.
Ez dago ordubete hori luzatzeko aukerarik, helburua tokiak txandakatzea baita. Horrela, denboratik pasatzen den gidariak ez du tasarik ordainduko, ordenantzan zehaztuta dagoen isuna baizik.
Debekatuta dago lekua utzi eta berriro aparkatzea denbora luzatu ahal izateko; behin denbora pasatuta, ezingo da autoa bertan aparkatu bi ordu geroago arte.
Sistemaren helburua behar duen edonork hiriaren erdigunean aparkalekua aurkitu ahal izatea da. Txandakatzea bermatu nahi da, ez gehien ordaintzen duenak ordu gehiago egon ahal izatea. Berdintasuna bilatzen duen sistema da, gidari guztientzat doakoa eta denbora tarte berekoa.
Aparkalekuen kudeaketa eta kontrola aparkamendu-txartelen saltzaile automatikoen bitartez egiten da, Udaltzaingoak egiten duen ikuskapen-lanaz gain. Ordenantzaren arau-hausteak eta ezarritako denbora gainditzeak 50 euroko isunarekin zigortzen dira. Behargabeko aparkamendua hiru ordu baino gehiagokoa bada, zigorra ehun eurokoa izaten da.
Lotutako albisteak

Udalak positibotzat jo du kolektiboek eta herritarrek espazioaren etorkizunaren definizioan duten inplikazioa