Debabarrenean izango dugu igandera arte Ciencia en Accion programaren XVIII. edizioa
Ciencia en Acción programa ofizialki abian jarri da gaur ostirala, urriak 6, iluntzean Izarra Centren. Ermuko eta Eibarko alkateek, Carlos Totorika eta Miguel de los Toyos, eta Rosa María Ros programako zuzendariak ongi-etorria eman diete zientziaren alde adeitsu eta dibertigarrienaz gozatzera eraikinaren atriora gerturatu diren ehunka pertsonari, bai ikasleak, bai irakasleak, baita hiritarrak ere.
Izarra Centrera hurbildu diren guztiei eskerrak emanez eman dio hasiera Carlos Totorikak programaren inaugurazio ekitaldiari; izan ere, estatuko puntu guztietatik, Mexikotik, Kolonbiatik, Portugaldik eta Utahtik (AEB) etorri dira parte-hartzaileak Ermura. Horren harira, Ermuko Udalak gaztetxoen artean berrikuntzaren eta teknologiaren kultura sustatzearen alde duen konpromisoa azpimarratu du Totorikak.
Bestalde, alkateak zientziaren kultura bultzatzearen eta indartzearen garrantzia azaldu du, horixe baita Ermua eta Eibar kide diren Innpulso Sarearen helburu nagusietako bat. “Ciencia en Acción programak dibulgazio zientifikorako eta formakuntzarako plataforma bikaina eskaintzen dio gizarteari lehiaketa irekiaren bitartez”, azaldu du, eta finalera iristea lortu duten Bizkaiko eta Gipuzkoako 21 ikastetxeei arreta berezia eskaini die.
Ciencia en Acción programako zuzendari den Rosa María Ros izan da hitza hartzen hurrengoa, eta edizio hau posible egin duten instituzioei, udal langileei, ikastetxeei, irakasleei, unibertsitateei eta ikasleei eskerrak emateko aprobetxatu du tartea. Jarraian, finalera iritsi diren neska-mutilak zoriondu ostean, zientziaren arloan egindako lanagatik sariak banatu dizkie pertsona ezberdinei –dominak eta diplomak-.
Bere txanda amaitzeko, bihar, urriak 7, Izarra Centren, Merkatu plazan nahiz San Pelaio plazako kioskoan ikusgai egongo diren esperimentu ezberdinak ikustera gonbidatu ditu hiritar guztiak.
Azkenik, Carlos Totorikak Miguel de los Toyos Eibarko alkateari eman dio hitza, eta bi herriek programa antolatzeko egin duten esfortzua eta lan gogorra eskertu ditu. Horrela, zientziak etorkizuneko aukera gisa duen garrantzia azpimarratu du.
Ekitaldiari amaiera emateko, Andaluziako hirukote batek flamenko musikarekin girotu du Izarra Centreko atrioa, eta Peruko dantza talde batek erakustaldia eskaini du.
Jarraian inaugurazio ekitaldiko bideo osoa eta egunak emandakoaren irudiak uzten dizkizuegu.
Gogora ezazue larunbat honetan aurrera jarraituko duela Ciencia en Acción ekitaldi programak, eta herriko toki ezberdinetan ekitaldiak izango ditugu.
Lotutako albisteak

Udalak positibotzat jo du kolektiboek eta herritarrek espazioaren etorkizunaren definizioan duten inplikazioa