Zientziaren indarra erakusgai da jada Izarra Centren

06.10.17
Erakundea

130 esperimentu baino gehiago, ehunka parte-hartzaile eta hiru kokapen ezberdin. Testuinguru horretan hasi da Ciencia en Acción nazioarteko programaren edizio berria. Ermua eta Eibar dira ekimen honen hamazortzigarren edizioko egoitzak, eta ostiral honetan eman zaio hasiera Izarra Centren. Bertan, 5., 10. eta 11. solairuetan eta atarian kokatu den karpan, fisikako, kimikako, biologiako, matematiketako eta geologiako esperimentu zientifiko ezberdinak ikusteko aukera izango dugu, besteak beste.

Ciencia en Acción programaren xedea gaztetxoengan zientziarekiko zaletasuna suspertzea, hezkuntza arloan berritzen duten irakasleak saritzea eta zientzia modu erakargarri, ulergarri eta errazean gizarteratzea da, hitzaldi, jarduera anitz eta zuzeneko erakustaldien bitartez. Hori horrela, asteburu honetan zehar dibulgazio ekitaldiez, proiekzioez, zuzeneko eta antzezturiko esperimentuez eta finalera sailkatu diren proiektuez gozatu ahal izango dugu.

Zientzia proposamen guztiak autonomia erkidego ezberdinetako neska-mutilek landu dituzte, baita Frantziako, Portugalgo, Kolonbiako, Mexikoko eta Estatu Batuetako hainbat gaztetxok ere. Epaimahaia erakusgai dauden lan guztiak ikuskatzen ari da jada, eta igande honetan ezagutuko dugu erabakia Eibarko Coliseo Antzokian izango den itxiera ekitaldian.

Ermuko hiru zentro, final nagusian

Asteburu honetan gure herrian ikusgai izango diren 130 esperimentu baino gehiagotatik, 21 lan Gipuzkoako eta Bizkaiko ikastetxeetako ikasleek eta irakasleek landutakoak dira. Ermuko ikastetxeak ere ez dira atzean gelditu, eta sei lan aurkeztuko dizkigute Izarra Centren eta inguruetan.

Anaitasuna Ikastola da Ciencia en Acción lehiaketaren finalean tokia eskuratu duen zentroetako bat, eta lau esperimentu aurkeztuko ditu: fisikako bi (Apurtzen ez den puxika eta Botilatik igotzen den ura), eta kimikako bi (Esperimentatzen eta Azukrezko piruletak). Lan guztiak Agurtza Totorika eta Mari Luz Garitaonaindia irakasleek zuzendu dituzte, eta Aritzmendi frontoiaren aparkalekuan kokatu den karpan daude ikusgai.

Bestalde, Ermua-Mallabia LHZ Zientzia eta Teknologia atalean ari da lehiatzen, Mari Feli Aranburuk zuzendutako Enterprise lanarekin. Hau Izarra Centreko bosgarren solairuan ikus daiteke.

Azkenik, San Pelayo ikastetxeak antzezpenaren bidetik jotzea erabaki du, eta Sandra Zuazua irakasleak zuzendutako Challenger Erronka izenpean, guztiok aho zabalik utziko gaituzte bihar, larunbata, 13:00etatik 13:30era eta 19:00etatik 19:30era San Pelaio plazako kioskoan.

Lotutako albisteak

Imagen
07.03.25
Prueba de noticia

Esto es una prueba
Imagen
14.02.25
Merkatu Plazaren erabilerak definitzeko prozesu parte-hartzailearen saioak amaitu dira

Udalak positibotzat jo du kolektiboek eta herritarrek espazioaren etorkizunaren definizioan duten inplikazioa