Hiru musika dokumentalekin hasiko da PressPlay! jaialdia
PressPlay! mikrojaialdiaren bigarren edizioa gaur asteartea, urriak 24, jarriko da abian. Giza Eskubideak eta elkartasuna ardatz dituen jaialdiko programak ekitaldi desberdinak izango ditu gure herrian datorren azaroaren 3a arte, ostirala.
Agendako lehenengo jarduera gaur bertan hasiko den dokumental musikalen zikloa izango da. Eskainiko den lehenengo filma Farid Eslam zuzendariaren Yallah! Underground produkzio txekiarra izango da, eta bertan, “Biharamunean eguzkirik aterako den ez dakizun lekuan” bere espazioa eskatzen ari den Udaberri Arabiarraren ondorengo belaunaldiari begirada politikoa azaltzen da. Horrela, 85 minututan zehar, mundu arabiarreko artista progresiboak ezagutuko ditugu: Palestinako artista bisualak, Egiptoko abeslariak, Jordaniako hip-hoplariak eta Israelgo rastak, besteak beste. Ikustaldia 19:30ean izango da Ermua Antzokian, eta bertan izango da Javier Aisa arabislamiar munduan aditua den kazetaria.
Asteazkenean, urriak 25, mundu arabiarra atzean utzi eta Birmania izango da mintzagai, bertan garatzen baita My Buddha is Punk dokumentala. Andreas Hartmann zuzendariaren produkzio alemaniar/birmaniar hau Birmanian nagusi den diktadura militarraren etengabeko gehiegikeriak salatzen dituen punk-otoitza da, Kyaw Kyaw izeneko 25 urteko birmaniar batek egina, bere herrian punk eszena obsesioz bultzatu nahi duen gazte batek, hain zuzen. Bere musika taldearekin batera, giza eskubideen urraketak erakusten, gutxiengo etnikoei egiten zaien jazarpena kritikatzen eta belaunaldi berriei punkaren eta budismoaren arteko sinbiosia azaltzen jarraitzen du Kyawk. Emanaldia Ermua Antzokian izango da 19:30etik aurrera, eta Fernando Armendariz giza eskubideetan adituak eta Monica Hernando Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendariak parte hartuko dute ikustaldian.
Dokumentalen ziklo labur horri amaiera emateko, ostegunean, urriak 26, Ermua Antzokiko ohiko zineklub saioarekin bat eginda, Fonko eskainiko da. Göran Olsson, Lamin Daniel Jadama eta Lars Lovén zuzendari suediarren asmo handiko bidaia da Afrikako lurretan barrena, bizirik dirauen kontinente bateko musika mota berriak erakutsi ahal izateko. Fonkok (lagun hurkoa zaindu, wolof hizkuntzan) betiko soukous, highlife eta Kongoko rumbak alde batera utzi du, eta zerbait ikusgarriagoa eta txundigarriagoaren bila abiatuko da, letra bakoitzean apartheida, kolonizazioa eta gerra aipatzen dituena, baina baita ilusioa eta bakea ere. Ikustaldia 20:30ean hasiko da, eta emanaldiaren ostean, Chema Caballero izango da hizlari, DYES GKEko koordinatzailea eta El País egunkariko África no es un país blogeko autoreetako bat.
Aipatutako musika dokumentalen emanaldiez gain, PressPlay! mikrojaialdiaren barne izango dira heziketa tailerrak, herritarren artibismoa eta musika, dantza eta graffitia nagusi izango diren festa. Programa guztia kontsultatu ahal izateko, egin ezazu klik hemen edota ikus ezazu es.pressplay-ermua.es/ webgunea.
Lotutako albisteak

‘Ermua Palestinarekin’ ekimenak deituta, Israeli boikota egitea proposatzen du genozidioa geldi dezan

Beatriz Gamizek lekukoa hartu du Guardian aurten egindako galan eta datorren urteko abenduaren 18rako ekitaldia antolatzeko konpromisoa baita ere

Horrela ondorioztatzen da "Herri Babesarearen" VI. foro ibiltariko sei aktibisten eskubideen urraketak beren lurraldeetan duen eraginari buruzko kontakizunetik