2017ko azken Osoko Bilkuran sei erabaki hartu zituen Udalbatzarrak
2017ko azken Osoko Bilkuran –abenduaren 19ko asteartean- sei erabaki hartu zituen Udalbatzarrak. Bilera laburra izan zen, berrogei minutu eskas iraun baitzituen, bertan egon zirelarik zinegotzi diren hamazazpi ordezkariak. Gai-zerrendak bederatzi puntu zituen, horietatik zazpi erabakitzekoak izanik eta beste ez, interesik edo bateraezintasunik duten adierazteko gonbiteak izaera informatiboa baitu eta, eskari-galderak, kontu emateko, fiskalizatzeko eta kontrola egitekoa. Erabakiak hartzeko zazpietatik, bat erretiratu egin zuen EH Bildu talde aurkezleak, hain zuzen ere, tasekin edota prezio publikoekin finantzatzen diren zerbitzuen kosteari buruzko mozioa. Bileran hitzez hitz esandako eta egindako guztiaren berri zehatza izateko ikus azpian uzten dizuegun bideo-akta.
Azaroaren 28an eginiko bilkurari zegokion akta onartu zen lehenengo. Bigarrenik, Aurrekontua Betearazteko Arauari zegokion gaia sartu eta tratatzearen inguruko premia berretsi zuten. Hirugarren, salbuespen gisa paperean bidalitako fakturak onartze aldera, Aurrekontua Betearazteko Araua aldatzea onartu zen. Lehen hiru gai horiek aho batez onartu ziren, 17 ordezkarien aldeko botoekin.
Laugarren akordioa, 2017ko lanpostu-zerrendan eginiko aldaketak onartzea izan zen. Gai hau bilerako eztabaidatuena izan zen, alderdiek beren ikuspuntua, botoa edo jarrera adierazi baitzuten, bi txandatan eta hogei bat minututan. Azkenean, erabakia hartu zuten aldeko 11 botorekin -PSE-PSOE (6), PNV (3) eta PP (2)-, Se puede Ermua Ahal da taldeko ordezkarien 2 abstentzioekin, eta EH Bildu (3) eta Irabazi (1) taldeko kideen kontrako botoekin.
Onarturiko bosgarrena, 2015-2019 legegintzaldian kide anitzeko organoetan jarduteko udalbatzarrak izendaturiko ordezkarietan aldaketak egitea izan zen. Gai honek aldeko 13 boto PSE-PSOE (6), PNV (3), PP (2) eta Se puede Ermua Ahal da (2) izan zituen eta EH Bildu (3) eta Irabazi (1) taldeetako kideen 4 abstentzio.
Azkenik, onarturiko seigarren eta azken erabakia, Autonomia Erakundearen Zuzendaritza batzordeak egindakoari jarraiki, Udal Kirol Erakundeko (UKEko) langilean Udalaren hitzarmen arauemailera atxikitzea izan zen. Gaia aho batez onartu zen. Aldeko hamazazpi botorekin.
Lotutako albisteak

Udalak positibotzat jo du kolektiboek eta herritarrek espazioaren etorkizunaren definizioan duten inplikazioa