Ermuko ikasleek Eskolako Agenda 21 programa zehazteko bilera egin dute
Dozena bat ikasle ermuarrek, irakaslek eta teknikarik bilera egin dute pasatu den urtarrilaren 25ean beste urte batez Eskolako Agenda 21 programaren inguruan mintzatzeko. 2017/2018 ikasturtean zehar landu ahal izateko erabaki den gaia ura eta Deba ibaia izan da.
Lobiano Kulturgunean izandako bileran Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleek, San Lorenzo, San Pelaio, Ongarai, Anaitasuna eta Eskolabarri ikastetxeetako irakasleek, Ermuko Udaleko teknikariek, Gipuzkoako Ur Kontsortzioko bi teknikarik eta ingurumen hezitzaile batek eta Debegesako teknikari batek parte hartu dute. Azken horrek Debabarrena eskualdeko Eskolako Agenda 21 programa koordinatzen du 2002. urtetik.
Ikasleek gaia lantzerako orduan sortutako galderak egiteko eta zalantzak argitzeko aukera izan dute bileran, baita Udalak ikasturteko gaiaren inguruan aurrera eraman dituen estrategia eta jarduerak ezagutzeko ere. Bileran landutakoa lagungarri izango zaie ikasleei ekaineko Udalbatzarrean (Udalbatzar Txikian) aurkeztuko duten dokumentua prestatzeko, egindako lanaren emaitza eta ikasleen ekarpenak jasotzen dituena.
Eskolako Agenda 21 Debabarrenan
Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziak, Ingurugelak eta eskualdeko Udalek 16 urte daramatzate Eskolako Agenda 21 programa koordinatzen eta bultzatzen. Eskola-komunitateari zuzendutako garapen jasangarrirako heziketa egitasmoa da, eta hiru helburu ditu:
- Ikastetxeak ingurumen eta gizarte jardunbide egokien eredu bihurtzea.
- Ingurumen eta gizarte-arazoak identifikatzeko eta horiei konponbidea emateko gai diren ikasleak heztea.
- Partaidetza eta ingurumenarekiko errespetua sustatzen duen hezkuntza bermatzea.
Guztira, 27 ikastetxe eta 8.000 ikasle baino gehiagok parte hartzen dute Debabarreneko Eskolako Agenda 21 programan. Horren baitan, hezkuntza komunitate osoari (ikasle, irakasle eta familiei) zuzendutako ekintzak antolatzen dira.
Lotutako albisteak

Lehen Hezkuntzako ikasleentzako GJHen bertsio egokitua da, eta alkateak eta udal liburuzainak eraman dute

Mankomunitateak Ermuko gainerakoen frakzioan jasotako lagin bat ezaugarritu du ikasleen aurrean

Azaroaren 24ko igandean egingo da, goizeko 9etatik aurrera