‘Emakumeak geldituz gero, mundu osoa geldi’

07.03.18
Berdintasuna

Badator Martxoaren 8a, inoiz ez bezalakoa. Eguna ezberdina izango da eta gure gizartean inflexio puntua suposatu dezake. Aldarrikapen eta jai-giroa izaten ohi duen egunak benetako berdintasun eraginkor batekiko bizitzaren alor guztietan –familian, lanean, gizartean, etab abar- gutariko bakoitzak –eta batez ere gizonok- dugun konpromisoa norainokoa den neurtuko du. Emakumeek erakusten ari diren ausardia, elkartasuna, planteamendua eta deialdia bera, jada, arrakastatsuak dira. Txalogarriak. Egun horretako hordagoarekin, bakoitzak barnekoa aztertu eta hausnarketa sakona eginen badugu, baliozkoa oso izango da.

Mobilizazio dei orotan gertatzen den bezala, pertsona bakoitzak bere arrazoiak izango ditu bat egin eta planto egiteko nahiz kontrakorako eta, egunaren amaieran, norbanakook gure balorazioa izango dugu gure ikuspuntu edo pentsamoldearen araberakoa. Nolanahi ere, aldaketa eta parekidetasunerako korronte hau ez da egun bakarrekoa ez eta modakoa. Gure artean gelditzeko eta hazteko etorri delako. Hortaz, argi ibili beharko dugu -batez ere gizonak-, dagozkigun erantzukizun eta zereginak gain hartu eta eutsiaz. Ermuan emakumeak dira aste guztiko protagonistak: igandean korrituriko lilatoitik hasi, atzoko emakumearen Topaguneko urteurrenaz jarraituz, gaurko World Kafean segiz, biharko planto eta grebaz, elkar ateratzeaz, ostiraleko kontzertuaz edo larunbateko abesbatzaren kantaldian. Mugagabe!

Zer da greba feminista?

Bihar, martxoak 8 egingo den eta izaera soziala duen mobilizazio erraldoia, zeinaren bidez gure gizartearen eredua aldatzeko eskatuko den, emakumeen eta gizonon artean benetako berdintasuna lor dadin. Izaera soziala du lanuzteez gain zaintza lanak eta kontsumo greba egiteko deia egiten duelako.

Zergatik egiten da Martxoaren 8an?

Gizartean emakumeen partaidetza berdintasunean aldarrikatzeko eguna hautatua duelako feminismoak. Emakumearen Nazioarteko Egunaren jatorria Alexandra Kollontai feminista errusiarrak lortutako aldarrikapenetan datza: emakumeak bozkatu ahal izatea, dibortzioa legalizatzea eta emakumearen eguna martxoaren 8an ospatzea, laneguna izan arren. Horrez gain, bigarren arrazoi bat ere badago, 1911. urteko martxoan New Yorkeko alkandora fabrikan itxita utzi zituzten 140 emakumeek sute batean bizitza galdu izana.

Zein da 2018ko mobilizazioaren leloa?

‘Emakumeak geldituz gero, mundu osoa geldi’ da aurtengo lelo nagusia. Asmoa da 1975eko urriaren 24an Islandian egindakoa errepikatzea. Egun horretan hamar emakume Islandiarretatik bederatzik greba egin zuten gizonekiko berdintasuna eta garapen indibidual eta soziala lortzeko. Lanuztea egiteaz gain, seme-alabek gizonezkoen esku utzi zituzten. Herrialdea gelditu zuten biztanleari erdiaren lana agerian jarriz. Egunak emakumeen emantzipaziorako lehen urrats aizan zen eta gizon askoren begiak irekiz ituen. Harrez geroztik, Islandiak berdintasunaren alde egindako borroka erreferentzia eta adibide da mundu zabalean.

Deialdia emakumeentzat bakarrik al da?

Greba feministaren helburua emakumeek egunero gain hartzen eta egiten dituzten –ordainpekoak nahiz musu-truk egindakoak- gauza guztiak bertan behera utziko balituzte gizartean gertatuko litzatekeena mahai gaineratu nahi dute. Emakumeen elkarte anitz eta ezberdinek planto egiteko eskatu dute. Emakumeak bihar protagonista eta nagusi izango dira eta, gainerakook, horretan sinetsi, bat egin eta lagundu egin beharko genieke, bigarren lerro batetik. Mobilizazioa errespetatu eta erraztasunak eman, lan profesionala, etxekoa eta haurren ardura gain hartuta.

Kontsumo eta zaintza greba nola egiten da?

Greba antolatzaileek proposatzen dute emakumeak ez ditzatela etxeko lanak egin, horiek parteka ditzagun lanean eta soldatetan dagoen diferentziaren jatorria izan daitekeelakoan. Zaintza greba egiten duten emakumeek ‘amantala’ esekiko duten etxeko leiho edo balkoian, biharkoan paso egingo dutela agerrarazteko, lan hori aintzat ez hartzeaz gain ikusten ez den horietakoa dela salatzeko. Kontsumo greba erosketarik ez egitea edo gutxieneko minimora murriztea da.

Nortzuk deitu dute greba feminista?

M8 Batzordean bildutako elkarte eta talde feministak dira emakumeen greba deitu dutenak. Beren proposamenetako bat “familiaren zaintza eta lanak ez egitea”, oro har doan izaten den edo azpi-ekonomiako lana izan ohi delako; “greba eta lanuzte eguna” gizon edo emakume izateagatik soldatetan dagoen diferentzia, hautsi ezineko mugak edo borondatez kontrako partzialtasuna salatzeko. Eta, azkenik, “kontsumo greba”, sarri emakumea kontsumo objektutzat tratatzen delako.

Sindikatuek beren babesa eman eta mobilizazioekin bat datoz. Hori horrela, egun osoko nahiz ordukako lanuzteak deitu dituzte. Eguneko 24 orduko greba edo ordukako lanuzteak egitea norbanako bakoitzaren erabaki pertsonala da. Greba egiteak ondorio ekonomikoak izango ditu, egun osoa edo orduak nominatik deskontatu beharko direlako eta horiengatik enpresak gizarte Segurantzarik ez baitu ordainduko. Horrela eta guzti, gizarteko kide guztiak emakumeak jasaten ari diren injustiziaren inguruan hausnarketa eginen badugu eta ondorioz dagokiguna erantzukizunez hartuta, ondo egina egongo da. Merezi izango baitu, seguru. Grebarekin bate eginen duten langileek ez dute abisatu beharrik izango eta enpresak ezin izango ditu ordezkatu.

Zuek erabaki!

Lotutako albisteak

Imagen
07.03.25
Prueba de noticia

Esto es una prueba
Imagen
14.02.25
'Al lío' konposizioa, "Martxoaren 8ko" jarduerak iragartzeko kartela

Ermuko Sonia Garcíaren lana da. Epaimahaiak Josu Pato ikaslearen "M8 indarra eta batasuna" proposamena ere saritu du
Imagen
07.02.25
Emakumeek zientzian egindako lana eta ekarpenak aintzat hartzea

Ermuak dibulgazio tailerrak antolatu ditu Emakume eta Neskato Zientzialarien Nazioarteko Egunerako