Udalbatzak eraso sexisten aurkako app bat ezartzea onartu du
Ermuko Udaleko zinegotziek PSE-EE/PSOEk aurkeztutako mozio bat onartu dute mugikorretarako sexu erasoen aurkako aplikazio bat abian jarri ahal izateko.
Jatorrizko aplikazioa Durangoko Udaleko Berdintasun alorrak sortu du, eta nagusiki emakumeek erabili ahal izateko pentsatua dago, indarkeria matxistari aurrea hartzeko neurri moduan baina baita lapurretak ekiditeko eta neskatoen segurtasuna areagotzeko ere, batez ere gauetan.
Aplikazioak hiru botoi ditu: batekin, erabiltzaileak eraso sexista bat jasaten ari dela salatu dezake; bestearekin, edozein hiritarrek eraso sexista bat ikusten duenean abisua eman dezake; eta hirugarren botoiaren bitartez, erabiltzaileak laguntza eskatu dezake kalean bakarrik egonez gero. Azken horrekin, erabiltzaileak hautatzen dituen pertsonek abisua jasoko dute horren kokapenarekin, eta bertara hurbildu ahal izango dira emakumeari etxera lagundu ahal izateko.
Lehenengo botoiaren kasuan, hori zapaltzean, aplikazioak erabiltzailearen geolokalizazioa bidaltzen dio Udaltzaingoari, jazoeraren lekura lehenbailehen gerturatu daitezen. Bigarren botoiaren kasuan, aldiz, SOS Deiakek jasotzen du abisua.
Ermuko Udaleko Osoko Bilkurak aho batez onartu du mozioa martxoaren 6an izandako bileran, eta saioko zinegotzi guztiek euren babesa eman diote aplikazioari: PSE-EE/PSOEren aldeko 6 boto, EH Bilduren 3, EAJ/PNVren 2, Se Puede Ermua Ahal Daren 2, PPren 2 eta Irabaziren bat jaso ditu mozioak, hain zuzen.
Hori horrela, erakundea EUDELekin (Euskadiko Udalen Elkartea) elkarlanean aritzera konprometitzen da, gure herrian aplikazioa martxan jarri ahal izateko. Izan ere, EUDEL baimen ezberdinen gainean ari da lanean, erabili nahi duten herri guztietan aplikazio bat eta bakarra bateragarria izan dadin. Horrela, aplikazioa erabiltzen ari den pertsonaren kokapenaren arabera, dagokion erakundeari abisatuko lioke tresna horrek.
Lotutako albisteak

Udalak positibotzat jo du kolektiboek eta herritarrek espazioaren etorkizunaren definizioan duten inplikazioa