Udalak sinbologia frankista guztia ezabatu du Ermuko kaleetatik
Ermuko Udalak herrian gelditzen ziren azkeneko sinbolo frankistak erretiratu ditu, Oroimen Historikoaren Legea izenez ezagutzen den abenduaren 26ko 52/2007 Legea betez.
Obretako eta Zerbitzuetako Udal Brigadak garai bateko Etxebizitza Ministerioak jarritako plakak, uztarria eta geziak erakusten zituztenak, kendu ditu lau eraikinetatik: Gipuzkoa Etorbideko 33 eta 58 zenbakiak, Zubiaurre 2 eta Ongarai 11. Gainera, beste bi bizilagun elkartek, San Ignazio 8 eta Gipuzkoa Etorbidea 30, euren kendu dituzte plakak. Hori horrela, herriko sinbologia frankista zantzu guztiak ezabatu dira.
Izan ere, Oroimen Historikoaren 52/2007 Legeak honakoa dio 15.1 artikuluan:
“Administrazio publikoek, beren eskumenak betez, altxamendu militarraren, Gerra Zibilaren eta Diktaduraren errepresioaren inguruko armarriak, intsigniak, plakak eta, modu pertsonalean edo kolektiboan, garai hura goraipatzen duten beste objektu edo aipamen guztiak kentzeko berariazko neurriak hartuko dituzte. Neurri horien artean, diru-laguntza edo laguntza publikoak kentzea sartu ahal izango da".
Horren harira, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak 2015. urte amaieran jakinarazpen bat bidali zion Ermuko Udalari. Bertan, Euskadiko herri ezberdinek frankismo garaiko sinboloak erretiratzeko egindako jardueren inguruko jarraipena egiten ari zirela adierazten zen.
Hori horrela, Udaleko Bulego Teknikoak landa-lana egin zuen zenbat sinbolo kendu ziren eta oraindik kentzeko zeudenak non kokatzen ziren jakiteko; horren arabera, falta zirenak erretiratzeari ekin ahal izateko.
2017ko azkeneko hilabeteetan, eraikin edo komunitate bakoitzeko ordezkari eta jabeei baimena eskatu zitzaien Udalak nahiz eurek sinboloak kendu ahal izateko.
Pasatu den urtarrilaren 16ko Informazio Batzordean egunerokotasunera itzuli zen gaia, EH Bilduk, Se Puede Ermua Ahal Dak eta Irabazik elkarrekin aurkeztutako mozioaren harira (gai zerrendako 3. Puntua).
Lotutako albisteak

Udalak positibotzat jo du kolektiboek eta herritarrek espazioaren etorkizunaren definizioan duten inplikazioa