Alkate hautaketa ardatz aste honetako bi Osoko Bilkura saioetan
Udalbatzak bi Osoko Bilkura izango ditu aste honetan, Carlos Totorikak Ermuko alkatetzari uko egingo diola iragarri ostean. Horrela, asteartean eta ostiralean egingo diren bileretan Totorikaren ordezkoa hautatuko da.
Asteartean, ekainak 26, hileko ohiko Osoko Bilkura saioa izango dugu 19:00etatik aurrera udaletxeko Bilkura Aretoan. Zinegotziei interesa duten gaien inguruan hitz egiteko luzatzen zaien ohiko gonbidapenaz eta azkeneko bilerako akta onartzeaz gain, landuko den puntu bakarra Carlos Totorika Izagirre Ermuko Udaleko alkateak bere karguari uko egin diola jakitera ematea izango da. Halakorik izatekotan, galdera-eskaerekin amaituko da saioa.
Bestalde, ekainaren 29ko, ostirala, ezohiko Osoko Bilkura goizez izango da, 10:00etatik aurrera. Saio horretan, alkate gisa Carlos Totorika ordezkatuko duen zinegotzia hautatuko da. Era berean, Totorikak PSE-EE/PSOEren hautagai-zerrendako zinegotzi karguari uko egin izana jasota utziko da bilera horretan.
Gogorarazten dizuegu Bilkura zuzenean eskainiko dela streaming bidez Udal webgunean eta erakundearen YouTubeko kanal ofizialean. Gainera, emititu eta gero 5 egun igaro baino lehen, nahieran eskuragarri izango da aipatutako bi kanalen bitartez.
Informazio Batzordea eta Promosaren Batzorde Orokorra
Ohikoa den moduan, astearte goizean Udalbatza Informazio Batzordean bilduko da. 09:30etik aurrera izango da saioa, eta sei puntu ditu eguneko gai-zerrendan. Bilera zuzenean eskainiko da Udalaren webgunearen bitartez.
Gainera, Promosaren Batzorde Orokorra ere izango (eta eskainiko) da 10:00etatik aurrera. Sozietate publikoaren urteko kontuak onartuko dituzte zinegotziek, eta Izarra Centren ekintzailetzarako espazio ezberdinen salmenta eztabaidatuko da.
Lotutako albisteak

Udalak positibotzat jo du kolektiboek eta herritarrek espazioaren etorkizunaren definizioan duten inplikazioa