Astebete baino ez da falta Gazte Robotikako II. Txapelketarako
Gazte Robotika Hezkuntza Robotika Txapelketaren bigarren edizioko egoitza izango da Izarra Centre datorren irailaren 22an, larunbata. Lehiaketa doakoa da eta Euskadiko gazte guztientzat zabalik dago. Horren asmoa robotikaren eta teknologia berrien inguruko topagune izatea da, eta eskolara joateko adinean dauden gaztetxoek (8-16 urte artean) robotikan eta programazioan lehen pausoak eman ditzaten nahi du. Gainera, horrela talde-lana eta arazoen konponketa indartzen dira.
Hezkuntza ekimen honen helburu nagusia Debabarrenako gaztetxoen artean zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikekiko interesa piztea da, STEAM deitzen diren gaitasunetan, alegia, modu praktiko eta dibertigarrian.
Lehiaketa baino lehen, Ermuko 30 neska-mutilek Doplay enpresak eskainitako robotika tailerretan parte hartu dute irail honetan. Bertan, robot eta bideojoko proiektuak eraikitzen eta programatzen ikasi dute gaztetxoek.
Orain, tailerretako parte-hartzaileek ikasitakoa praktikan jarri eta Gazte Robotika txapelketan euren abilezia erakusteko aukera izango dute. Lehiaketa hilaren 22an, 10:00etan hasiko da Izarra Centre eraikinean.
Txapelketa 5 eta 11 solairuetan jokatuko da, eta bi modalitate ezberdin egongo dira jokoan: 1versus1 eta Kolore Kolore. Parte-hartzaileek 13:00ak arte lehiatuko dira, eta ondoren, Juan Carlos Abascal alkateak sariak banatuko ditu eraikineko atrioan.
Haurrentzako jarduera dibertigarriak Izarra Centren
Gazte Robotika txapelketak irauten duen bitartean, Izarra Centreko laugarren solairua jolasteko eta ongi pasatzeko gune bihurtuko da herriko gaztetxo guztientzat. Eraikineko enpresa teknologikoen haztegian kokatzen den Omnis e-Sports enpresak honako ekintzak antolatu ditu:
- MakeyMakey kontrol alternatiboekin esperimentazioa: parte-hartzaileek ordenagailuari konektatutako robot txiki bat programatzeko aukera izango dute, soinuak eta argiak emititu ditzan. Programazioa eta sormena uztartzen ditu jarduera honek, Lego piezekin objektuak sortu eta programatu baitaitezke.
- Minecraftekin diseinua eta 3D inpresioa: modu dibertigarrian eta ordenetan oinarritzen den sistema operatzaile sinple batekin ikasiko dugu, Minecraft bideojoko famatua erabiliz. Gainera, 3D inpresioa enpresen artean gero eta hedatuago dagoen teknologia berria da; hori horrela, parte-hartzaileek nola funtzionatzen duen ikusi eta ordenagailuan diseinatzen dituzten piezak sortu ahalko dituzte.
- Kamera, bideo ekipoa eta chroma: croma edo kolore klabea zinean, telebistan nahiz argazkilaritzan asko erabiltzen den ikus-entzunezko teknika da. Neska-mutilek gehien gustatzen zaien markoa edo fondoa hautatuko dute bertan agertzeko, eta aditu baten laguntzaz euren burua grabatuko dute.
Bestalde, Iruña Group enpresak robot laguntzaile bat ekarriko du gaztetxoek ikus dezaten, pixkanaka, robotikaren mundua industrian leku handia hartzen ari dela eta robotek pertsonei lagundu ahal dietela euren lanak burutzen.
Ekimen horiek guztiak doakoak dira eta teknologia berriekin batera ongi pasatu nahi duten ume eta gaztetxo guztientzat zabalik egongo dira.
Parte hartzen duten enpresen erakusketa eta babesleak
Izarra Centren kokatzen diren enpresek eraikinaren sarrerako videowallean bideoak jarriko dituzte Gazte Robotikak irauten duen bitartean. Horrela, herritarrek instalazioan burutzen diren jarduera ezberdinak ezagutzeko aukera izango dute.
Ekimenak Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundien, Laboral Kutxaren, La Caixaren, SD Eibarren eta SPRIren babesa jasotzen du. Gainera, parte hartzen duten enpresen artean ingurukoak ere baditugu, Mallabiako Precimontajes, esaterako, industriaren garapenerako robotika erabiltzen duen makinaria diseinu eta eraikuntza enpresa.
Ermuko Udala da jardunaldien antolatzaile nagusia, eta 17.000 euro jarri ditu II. Gazte Robotika Hezkuntza Robotika Txapelketa ospatu dadin. Herritar guztiei dei egin nahi diegu datorren larunbatean, irailak 22, Izarra Centrera gerturatu eta lehiaketaz, jarduerez nahiz erakusketez gozatu dezaten.
Lotutako albisteak

Ikastaroa doakoa da eta Izarra Centre-n egingo da otsailaren 24tik martxoaren 5era. Ikasi enpresa bat kudeatzen

40 orduko doako ikastaroa emango Izarra Centre-n otsailaren 24tik martxoaren 5era bitartean

Trebatua egon eta urrutitik lan egiteko gai izateak, lan-merkatuan dituzun aukerak gehituko dituzu