Sallabenteko auzotarrek komun publiko berria non kokatu erabakiko dute
Ermuko Udalak herritarren partaidetzarako kontsulta jarriko du martxan astelehen honetan, Sallabenteko auzotarrei zuzenduta.
Sallabente auzoan komun publiko bat jarriko da, eta non kokatuko den erabakitzea da kontsulta honen helburua. Izan ere, behin baino gehiagotan adierazi dute auzotarrek gune hartan komun falta dagoela.
Hori horrela, Juan Carlos Abascal alkatea auzoko bizilagunekin bildu da berriki, komun horren balizko kokapenen inguruan hitz egiteko. Bilera horretan bi proposamen gailendu dira: bata, autopistako ordainleku zaharraren ondoko parkean; eta bestea, San Lorenzo Ikastetxe publikoaren alboan.
Astelehenean, beraz, urriak 8, karpa bat kokatuko da Villa de Ermua hotelaren aurrean, auzotar guztiek euren iritzia eman eta kontsultan parte hartzeko aukera izan dezaten. Komunak, izan ere, bizilagun guztiei emango die zerbitzua.
Karpa 16:00etatik 19:00etara egongo da zabalik, eta proposatutako bi kokapenen artean gustukoena aukeratu ahalko da.
Auzoan bizi diren pertsonek badute jada kontsulta honen berri, gaur goizean gutun bat bidali baita Sallabenteko etxebizitza guztietara.
Lotutako albisteak

Udalak positibotzat jo du kolektiboek eta herritarrek espazioaren etorkizunaren definizioan duten inplikazioa