Euskal Birusak XXIX. San Martin azokaren jarduerak ezagutzera eman ditu
Euskal Birusa elkarteak, San Martin azokaren antolatzaileak, ezagutzera eman ditu aurtengo edizioaren jarduerak, kartela ezagutzera emanez. Azoka, ohikoa den legez, azaroko bigarren larunbatean ospatuko da, hots; hamarra egutegiari jarraiki. San Martin azokak aurten bere hogeita bederatzigarren edizioa beteko du. Aurtengoan ere gauza piloa prestatu dute antolatzaileek eta horien artean azpimarragarrienak ondokoak dira: animalia erakusketa arrakastatsua mantendu eta handiagotu egingo dela. Hori horrela, aurten ere ehun bat ardiko artaldea eta 4 asto ekarriko da Errekaldetik Baldespinako parkera. Bestalde goizean eta Izelaieta kalean Herri kiroleko erakustaldia egingo da. Azkenik, aipatu behar aurten baba-jan herrikoia ere egingo dela merkatu plazan eta ohiko erromeria izanen dugula Drindrots taldeak girotua.
Programan jasotakoaren arabera, azoka goizeko hamaiketan zabalduko da jendearentzat. Ordu horretan ere bi kalejirei hasiera emango zaie. Lehena Musika Eskolako trikitilari eta txistulari gazteena eta, bigarrena, Arrasateko gaiteroena. Umeek jolasak izango dituzte ‘Kulki’ talde arabarren eskutik San Martingo plazan. Bertan herriko ikastetxetako postuak ere izango dira. Ordu berean, ardi taldea eta astoak jaisten hasiko dira Errekaldetik. Animalia erakusketa ere ikusgai izango da Baldespina parkean. Eguerdian, Miguel Mugerzak astobusaren zerbitzuari ekingo dio gaztetxoenen gozamenerako. Hamabi eta erdietan, txindurri dantza eta txitu taldeak euskal dantzen erakustaldia egingo du. Arratsaldeko ordu batean, herri kirolaren jaialdia hasiko Izelaietan. Ordu erdi beranduago erakusleihoen lehiaketako sariak banatuko dira. Luhartz taldeak erromeriari hasiera emango dio seietan. Zazpietan Arrasateko gaiteroek beste kalejira egingo dute eta errifa zozketatuko da plazan. Eguneko programari amaiera esango larrain-dantzarekin, arratsaldeko zazpi eta erdietatik aurrera.
Ermuko nekazal azoka ez da egun bakar batera mugatuko, ohikoa den legez San Martin azokak berarekin baitakartza kultura jarduera piloa. Horri San Martin Kulturala deritzo eta azaroko hilabete osoan zehar gauzatuko da.
Euskal Birusa gogorarazi nahi du, ermuarren artean hain estimatua den jai egun hau, ehunetik gorako boluntarioen lanari esker izaten dela posible eta egun horretako; talo, edari, saiheski pintxo eta txerriaren errifen salmentarekin lortzen den dirua, eguneko egitarauaren parte bat eta elkarteak urtean zehar, euskara sustatzeko antolatzen dituen beste zenbait egitasmo, esaterako Drogetenitturri aldizkaria, finantzatzeko erabiltzen dela. Hortaz lagundu nahi dutenek ondorengo telefono zenbakietara dei dezakete beren burua eskaintzeko: 943 17 93 50 eta 688 63 28 74.
Aurtengo edizioko kartela, non aurreikusitako jarduerak jasotzen diren.
Lotutako albisteak

Udalak positibotzat jo du kolektiboek eta herritarrek espazioaren etorkizunaren definizioan duten inplikazioa