Haurren Kontseilua ikasleekin eta adineko pertsonekin bildu da

22.03.19
Hezkuntza

II. Haurren Kontseilua, Ermuko Udaleko aholkularitza organorik gazteena, buru-belarri ari da lanean Alkatetzak aurten proposatutako erronka prestatzeko: 2019ko Mugikortasunaren Europar Asteko ekintzen programa diseinatzea eta osatzea.

Ostegun honetan, martxoak 21, adin tarte eta elkarte ezberdinekin bildu da Kontseilua, erronka lantzen jarraitzeko, elkarlanean aritzeko sareak osatzeko eta, azken finean, euren proposamenak herritar guztiak barnean hartu ahal izateko.

Batetik, kontseilari txikiak Ermua BHIn izan dira jarduera eta tailer proposamenak Bigarren Hezkuntzako ikasleekin partekatzeko eta horien balorazio eta ideia berriak jasotzeko.

Bestetik, Hiri Adeitsua adinekoekin lan-taldeko kideekin bilera egin du Kontseiluak Ermuko udaletxean. Horrela, euren iritzia eta proposamenak kontuan hartuz, adin ezberdinetako pertsonen ikuspuntua txertatu dezakete 2019ko Mugikortasunaren Europar Asteko programaren behin-betiko diseinua borobiltzeko.

Jone eta Irati dinamizatzaileen laguntzarekin, Haurren Kontseilua osatzen duten 7 eta 9 urte arteko sei mutiko eta sei neskatoek maiatzean amaituko dute euren jarduera. Orduan, Mugikortasunaren Europar Asterako behin-betiko programa aurkeztuko dute Ermuko Alkatetzan.

Partaidetza haurtzarotik hasita

Haurren Kontseiluak herriko bost ikastetxeen babesa eta laguntza du, eta iazko lehenengo edizioaren esperientzia onari jarraipena eman nahi dio.

Proiektu honek haurtzarotik herritarren partaidetza eta talde-lana bezalako gaitasunak bultzatzea eta lantzea du helburu, eta era berean, neska-mutilek Udalean errepresentazioa izan dezaketela ikusten dute. Bestalde, ekimen honen bitartez, herriari haurtzaroaren ikuspuntua gehitzen laguntzen dio, bere garapenerako, antolakuntzarako eta egiteko moduetarako.

Azken finean, haurren ikuspuntutik hiria eraldatzeko asmoa duen proiektua da, hiria haurtzaroaren ikuspegitik landu eta eraldatu ahal izateko, hiritar guztiak kontuan izanda eta umeei parte-hartzeko aukera emanda. Gazteen ahotsa entzun eta ezagutzeko modurik zuzen eta esanguratsuenetakoa da eta, batez ere, politikari eta arduradunek aniztasunetik edan eta ikaste-aberaste prozesuan murgiltzeko aukera paregabea.

Lotutako albisteak

Imagen
24.01.25
Iraunkortasunaren aldeko "Agenda txikia" ikastetxeetan jada

Lehen Hezkuntzako ikasleentzako GJHen bertsio egokitua da, eta alkateak eta udal liburuzainak eraman dute
Imagen
HLHko ikasleak, Gaztekimeneko lehen saria jasotzen | Alumnado de FPI recibiendo el primer premio de Gaztekimen
13.12.24
Ermua-Mallabia HLH institutuko lau ikaslek Gaztekimen proiektuko lehen saria eskuratu dute

Institutuko bigarren urteko ikasleek uretako edo mendiko abentura jardueraz gozatuko dute egin duten proiektuari esker
Imagen
25.11.24
Jolaserako txoko dibertigarriak Hiri Hezitzailearen Nazioarteko Eguna ospatzeko

Ostiral honetan, azaroaren 29an, 17:00etatik 19:00etara Orbe Kardinala plazan edo, euria eginez gero, Merkatu plazan