Eskaripeko geldialdiak egingo ditu Bizkaibusek gaueko zerbitzuetan, bakarrik doazen emakumeentzat
Bizkaiko Foru Aldundiko Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Sailak zerbitzu berri bat jarri du martxan Bizkaibuseko autobusetan. Neurri horri esker, gauez autobusean bakarrik doazen emakumeek euren helmugatik hurbilago gelditzen den gune batean gelditzea eskatu ahalko dute, geraleku ofiziala izan ez arren.
Aldundiaren genero berdintasunerako politiken barnean kokatzen da zerbitzua, eta 6 hilabetez proiektu pilotua burutu ostean, hil honetan modu orokortuan jarri da abian.
Ekintza honen helburua Bizkaibuseko lineetan gauez -22:30 eta 06:30 artean- bakarrik bidaiatzen duten emakumeen segurtasuna bermatzea da, eta aldi berean, eraso matxistak jasateko arriskua ezabatzen duten neurri praktikoak ezartzea.
Bakarrik doazen emakumeek soilik erabili ahalko dute zerbitzua -ezingo da eskatu bi erabiltzaile edo gehiago batera baldin badoaz-, 22:30 eta 06:30 artean igarotzen diren autobus lineetan. Linea bakoitzerako ezarrita dauden geltokien artean, segurtasunagatik, tarteko geldialdia egiteko beharra sentitzen duten eta bakarrik doazen emakumeek eskatu dezakete zerbitzua.
Geldialdia egin ahal izateko, bidaiariak aldez aurretik, nahikoa denborarekin, jakinarazi beharko dio autobus gidariari. Honek arriskurik gabeko puntuan egingo du geldialdia, espaloi baten ondoan edo oinezkoen pasabideen gainean, argia dagoen gunean eta inguruan eraikinak daudenean; azken finean, leku seguru batean. Bideko segurtasuna izango da lehentasuna.
Bidaiariek autobusaren aurreko atea erabiliko dute bertatik jaisteko, segurtasun arrazoiengatik eta gidariak emakumea bakarrik jaisten dela ziurtatzeko. Gerta liteke geltoki berean emakume bat baino gehiago geratzea, betiere, bakoitza bere aldetik sartu bada autobusera.
Foru Aldundiak zerbitzuaren proiektu pilotua izan du abian sei hilabetez, urritik martxora bitartean, Bizkaibuseko hiru lineatan, eta guztira 121 erabiltzailek eskatu dituzte tarteko geldialdiak. Segurtasun neurri honen harrera ona ikusita, 22:30etik 06:30era bitartean igarotzen diren Bizkaibus linea guztietara zabaldu da zerbitzua, martxoaren 29ko 2019/401 Foru Aginduak zehazten duen bezala.
Lotutako albisteak

Ermuko Sonia Garcíaren lana da. Epaimahaiak Josu Pato ikaslearen "M8 indarra eta batasuna" proposamena ere saritu du

Ermuak dibulgazio tailerrak antolatu ditu Emakume eta Neskato Zientzialarien Nazioarteko Egunerako