Haurren Kontseilua baliabide digitaletara egokitu da
Koronabirusaren pandemiak hankaz gora jarri du gure egunerokotasuna, eta ezohiko egoera berezi horrek eragin handia du gure gizartean, batez ere haurren kolektiboan. Hala eta guztiz ere, Haurren Kontseiluak ez du galdu normaltasunera laster itzultzeko ilusioa, eta kontseilari txikiek etxetik jarraituko dute beren ohiko jarduerarekin.
Ermuko Alkatetzaren aholkularitza organo gazteenak bitarteko digitalak erabiliz egingo ditu bere hurrengo bi bilerak, apirilekoa eta maiatzekoa, hain zuzen. Ezohiko saioak izango dira, eta parte-hartzaileek bideokonferentzia bidez egingo dute lan, Kontseiluari aurrez aurreko jardueretan laguntzen aritzen den ohiko dinamizatzailearekin batera.
Bilera horietan landuko den puntu nagusietako bat 2020ko Santixauetarako Haurren Kartel Lehiaketa izango da. Horri dagokionez, bozketa-sistema eta ondorengo hausnarketa prozesua antolatzeaz gain -haurrak epaimahaiko kide izango baitira-, Kontseiluak Udaleko teknikariekin koordinatu beharko du, herritarrei kartel irabazleak zeintzuk diren jakinarazi ahal izateko.
Aurtengoa lehiaketa honen lehenengo edizioa izango da, eta Haurren Kontseiluak berak egindako proposamen batetik sortu da ekimena, udalerriko haurren kolektiboa herriko jaien egitarauan ikusgai jarri ahal izateko. Era berean, Kulturako Udal-teknikariarekin batera, Haurren Eguna antolatzen laguntzen ari dira kontseilariak, haurrentzako jarduera espezifikoak proposatuz.
Gogoan izan 8 eta 11 urte bitarteko haur ermuarrei zuzendutako lehiaketa zabalik dagoela datorren maiatzaren 15era arte, ostirala.
Herritarrei babesa emateko mezua
Kontseiluak bere bilera telematikoetan landuko duen beste gaietako bat bizilagunei, lagunei eta lankideei une zail hauetan babesa eta animoa emateko mezu bat zabaltzea izango da.
Horren harira, Ermuko alkate Juan Carlos Abascalek bideo bat argitaratu du, haurrei animoa eta itxaropena helarazteko, etxean prestakuntza jasotzen, ikasten eta ahal duten guztia gozatzen jarrai dezaten. Alkateak espero du laster dena normaltasunera itzultzea eta berriro elkar ikustea, besarkatzea eta elkarrekin jolastea.
Lotutako albisteak

Lehen Hezkuntzako ikasleentzako GJHen bertsio egokitua da, eta alkateak eta udal liburuzainak eraman dute

Institutuko bigarren urteko ikasleek uretako edo mendiko abentura jardueraz gozatuko dute egin duten proiektuari esker

Ostiral honetan, azaroaren 29an, 17:00etatik 19:00etara Orbe Kardinala plazan edo, euria eginez gero, Merkatu plazan