Zaldibarko zabortegiko indusketa- eta bilaketa-lanen jarraipena
Eusko Jaurlaritzaren Irekia atariak Zaldibarko hondakindegiaren inguruan egiten ari diren obrei buruzko informazioa ematen du astero, baita Alberto eta Joaquín bilatzeko lanei buruzkoa ere.
Joan den astean, bi atzerako hondeamakina aritu dira lanean egunero 08:30etik 19:00etara, B1 izeneko bilaketa-gunetik hondakinak atera, bahetu eta garraiatzeko, zabortegiko lixibiatuen putzua zegoen lekuan, baskularen plataformaren azpian. Gune horretatik, otsailaren 6an izandako irristadan eroritako 83.000 metro kubiko hondakin baino gehiago atera dira orain artean.
B4 bilaketa-eremuan, goiko aldetik materiala ateratzen ari dira, bi langileen bilaketa-lanekin eta D2 eremuko ezpondaren lur eta hondakin-mugimenduekin jarraitzeaz gain. Perimetro horretan 48.000m³ hondakin baino gehiago atera eta bahetu dira.
Lur-jausiei eusteko dikea
Hondeatzeko eta bilatzeko B1 eremuaren azpian euste-dikea eraikitzeko lanak oso aurreratuta daude. Horma horren helburua segurtasun-elementuak finkatzea da, berriro ere luiziren bat izanez gero, lur-jausia AP-8 autobideraino irits ez dadin.
Harrizko ezponda beharrezko segurtasun-kotara iristen denean eta San Lorentzoko ordainleku zaharrean aldi baterako biltegiratutako hondakinak kentzen direnean, Donostiarako noranzkoan oraindik itxita dauden bi erreiak irekiko dira.
Senideen bisita
Joan den ostegunean, hilaren 18an, Alberto Sololuzeren alabak eta suhiak zabortegiko obrak bisitatu zituzten, obra-zuzendaritzako teknikariek eta Segurtasun Saileko Larrialdietako Zuzendaritzako langileek lagunduta. Alberto eta Joaquinen bilaketa operatiboaren eta obren garapena bertatik bertara ezagutu ahal izan dute.
Uraren kalitatearen jarraipena
URA Uraren Euskal Agentziak Zaldibarko zabortegiaren inguruko uren kalitatearen jarraipena egiteko txostena argitaratu du. Dokumentu luze eta zabal horretan otsailaren 6an zabortegia irristatu zenetik egin diren ekintza guztiak zehazten dira. Era berean, azpimarratzen du Aixolan eta Ego ibaian egiten diren kalitate-kontrolek ez dutela zerikusirik sareko edateko uraren egoerarekin, aipatutako ur-ibilguetatik guztiz at baitago sarea. Edateko uraren osasun-bermea Bizkaiko eta Gipuzkoako Ur Partzuergoek eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoko Sailak ezarritako kontrolek monitorizatzen eta bermatzen dute. Gure etxeetara iristen den urak zabortegiaren ingurunea ez bezalako jatorria du, eta ez daude inola ere lur-jausiak erasateko arriskuan.
Lotutako albisteak

'Pintxolagun' osteguneko 19:30etan eta 'Gurasolagun' ostiraleko 17:15etan