Haurren Kontseilua egokitu egin da Ermua hobetzeko lanetan jarraitzeko

22.10.20
Hezkuntza

Ermuko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 12 ikaslek parte hartuko dute Haurren Kontseiluaren laugarren edizioan. Gaur osteguna, urriak 22, lehen aldiz bildu dira Orbe Kardinala plazako kioskoan, Juan Carlos Abascal alkateak proposatutako erronken berri izateko.

Covid-19arne pandemiak Kontseiluaren dinamika eta saioak eraldatu eta berrantolatzera behartu ditu, beraz, haurrak ez dira, aurreko urteetan bezala, guztiak batera elkartuko udaletxean. Laugarren edizio honetan, hileroko lan jardunaldiak ikastetxeetan bertan egingo dira, koronabirusaren hedapena eteteko segurtasun neurri gisa sortu diren “burbuila taldeak” errespetatzeko.

Dena dela, ikasturtean zehar saio telematiko bat egingo dute partaide guztiek batera, talde sentimendua indartzen jarraitzeko eta ikastetxe bakoitzean lantzen ari diren ideiak partekatzeko. Kontseiluaren azken saioa ere, lehenengoa bezala, Orbe Kardinala plazako kioskoan burutuko da, alkateak proposatutako erronken inguruan, haurrek landu dituzten ideia, proposamen eta iritziak aurkeztu ahal izateko.

Edizio honetan landuko diren gaiak honakoak dira:

  • Aisia: Zer gauza izan nahiko zenukete igerilekuan? Zer gustatuko litzaizueke egotea jolasteko erabiltzen dituzuen lekuetan? Anaitasuna ikastolako haurrek erantzungo dute erronka.
  • Aniztasuna: Nola lagun diezaiekegu beste herrialde batzuetatik datozen haur eta familiei eskolan eta auzoan harrera ona eduki dezaten? San Lorenzo ikastetxeko partaideen erronka izango da.
  • Kultura: Zer egin dezakegu gurasoek eta haurrek elkarrekin gehiago irakurtzeko? San Pelayo ikastetxeko neska-mutilek landuko dute gaia.
  • Ingurumena: Zer hondakin sortzen dira etxean? Zer egin dezakegu hainbeste plastiko ez erabiltzeko? Eskolabarriko ikasleak arduratuko dira erronka gainditzeaz.
  • Ingurumena: Zer egin dezakegu herria politagoa eta garbiagoa izateko? Ongarai eskolako haurrek landuko dute gaia.

Tazebaez tokiko enpresa arduratuko da ikastetxeetan egingo diren lan-saioak dinamizatzeaz. Horietan, kontseilariek Ermuko herritar moduan parte hartuko dute, eta ez ikasgeletako ordezkari gisa.

Haurren Kontseilua Ermua Hiri Hezitzailea proiektuaren barne kokatzen da, eta helburua da txikienek beren ikuspuntua ematea, haurtzaroko errealitatetik hiria eraldatzen laguntzeko, begirada aldatzeko edo haur baten mailara jaisteko, herritar bakar bat ere begien bistatik ez galtzeko eta haurtzarotik parte hartzeko gaitasunen garapena sustatzeko.

Aurten, gainera, haur bakoitzak herritarren partaidetza-prozesu bat helaraziko dio bere ikastetxeari, eta Kontseiluaren saioetan, beraiek antolatuko dituzte partaidetza-prozesuak: parte-hartzea zer den ikasiko dute, beren ikasgeletara eraman ahal izango duten gaiari buruzko diskurtso bat garatuko dute, eta beren partaidetza-dinamikez eta haur guztiek parte hartzeko duten eskubidea behar bezala betetzeaz arduratuko dira.

Lotutako albisteak

Imagen
24.01.25
Iraunkortasunaren aldeko "Agenda txikia" ikastetxeetan jada

Lehen Hezkuntzako ikasleentzako GJHen bertsio egokitua da, eta alkateak eta udal liburuzainak eraman dute
Imagen
HLHko ikasleak, Gaztekimeneko lehen saria jasotzen | Alumnado de FPI recibiendo el primer premio de Gaztekimen
13.12.24
Ermua-Mallabia HLH institutuko lau ikaslek Gaztekimen proiektuko lehen saria eskuratu dute

Institutuko bigarren urteko ikasleek uretako edo mendiko abentura jardueraz gozatuko dute egin duten proiektuari esker
Imagen
25.11.24
Jolaserako txoko dibertigarriak Hiri Hezitzailearen Nazioarteko Eguna ospatzeko

Ostiral honetan, azaroaren 29an, 17:00etatik 19:00etara Orbe Kardinala plazan edo, euria eginez gero, Merkatu plazan