AECCk tabakoaren aurkako neurriak COVID-19tik haratago mantentzea eskatu du

17.11.20
Gizartea

Beharrezkotzat jotzen du kerik gabeko espazioak zabaltzea, legea betetzen dela bermatuz

Elkarrizketatutako erretzaileen %11k soilik adierazi du adingabeen aurrean ez duela erretzen

Biriketakoa da minbiziak eragindako lehenengo heriotza-kausa, eta Espainiako biztanleen %24k egunero edo noizean behin erretzen du

Gaur Birikietako Minbiziaren Munduko Eguna, eta Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearen (AECC) behatokiak "Kerik gabeko espazioak Espainian: non gaude? non egon nahi dugu?" tituluko azterlana argitaratu du. Horretan, seme-alaba adingabeak dituzten gurasoen, erretzaileen eta erretzaile ez direnen iritzia eta balorazioak jasotzen dira, baita tabako-kontsumoari eta legeria gogortzeko beharrari buruzkoak ere.

Lan horretatik ondorioztatzen denez, inkestatutako pertsonen %80a kerik gabeko espazioak zabaltzearen alde egongo litzateke, adingabeek produktu horretara duten esposizioa murrizteko. Tabakoaren kea da biriketako minbiziaren kasuen %82ren eta minbiziaren ondoriozko heriotzen %30en erantzulea.

Ana Fernández Marcosek, Harreman Instituzionaletarako eta AECCko Aliantzetarako zuzendariak, honako hau adierazi du: "Jakinda tabakoa minbiziak eragindako heriotzen %30en erantzulea dela, eta kontuan hartuta agintariek beraiek jarri dutela martxan eremu publikoetan erretzea debekatzeko neurria, COVID-19ren kutsatzea mugatzeko, ez du zentzu handirik neurri hori COVID-19tik harago ez mantentzeak".

Tabakoaren kontsumoa kentzeak minbizi kasuen %30 saihestea lortuko luke, eta horrek 5.700 milioi euro inguru aurreztea ekarriko luke. Ez da ahaztu behar Espainiako biztanleriaren %24k egunero edo noizean behin erretzen duela.

Adingabeak, tabakoaren kearen eraginpean gehiegi dauden herritarrak

"Kerik gabeko espazioak Espainian: non gaude? non egon nahi dugu?" azterlanaren datuak argiak dira. 10 erretzailetik 7k onartzen du etxean erretzen duela adingabeen aurrean. 34 urtetik beherako erretzaileen %60k, %52k adin horretatik gorakoa bada, gertuko adingabeak dituzten terrazetan erretzen duela aitortzen du, eta soilik %11k ez du leku publikoan edo pribatuan erretzen, inguruan adingabeak badaude.

Azterlan horrek berak baieztatzen du elkarrizketatutako pertsonen %80 neurriak gehitzearen alde egongo litzatekeela. Eta %24 tabakoa kontsumitzea erabat debekatzearen alde ageri da. Inkestatuen artean, tabakoari buruzko legea kerik gabeko espazioei dagokienez betetzearen pertzepzioa oso txikia da, eta, beraz, beharrezkotzat jotzen dute legea betetzen dela zaintzea eta arautzea.

Biriketako minbizia, osasun publikoko arazo larria

Minbiziak eragindako lehen heriotza-kausa da, eta %20 baino gehiagoren erantzule da (22.000 heriotza inguru urtean). Eta datozen urteetan biriketako minbizia osasun publikoko arazo larria izango dela aurreikusten da. AECC Minbiziaren Behatokiaren arabera, 2019an 27.945 kasu berri diagnostikatu ziren Espainian, eta 2020an kopurua are handiagoa izango dela uste da.

Eta laugarren tumore ohikoena da, azken urteotan emakumeen artean hautematen ari den kasuen kopuruak nabarmen gora egin duelarik.

Lotutako albisteak

Imagen
07.03.25
Prueba de noticia

Esto es una prueba
Imagen
18.02.25
'Berbalagun'ek jarduera bi antolatu ditu aste honetarako

'Pintxolagun' osteguneko 19:30etan eta 'Gurasolagun' ostiraleko 17:15etan