Probintzia-mailan mugikortasuna zabaldu du Eusko Jaurlaritzak, eta Gabonetarako neurri berriak ezarri ditu
Eusko Jaurlaritzak 44/2020 Dekretua argitaratu du gaur, ostirala, egoera epidemiologikoaren ondorioz eta Covid-19aren hedapena geldiarazteko prebentzio-neurri espezifiko berriak ezartzen dituena. Testua larunbat honetako 00:00etatik aurrera sartuko da indarrean.
Dokumentu berri honek bizileku duten udalerrietako sarrera- eta irteera-mugak kentzea zehazten du, eta muga hori lurralde historikora zabaltzen da. Beraz, bihar larunbatetik aurrera, ermuarrok Bizkaia barruan mugitu ahal izango gara, baita mugakide diren herrietan ere, Eibarren esaterako. Hiru lurralde historikoen arteko mugikortasun askea abenduaren 23an berreskuratuko da.
Erkidegotik kanpoko joan-etorriei dagokienez, abenduaren 23tik 26ra eta abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra bitartean soilik egongo dira baimenduta, eta ohiko egoitzetan senideak eta gertukoak bisitatzeko bakarrik. Joan-etorri horiek egiaztatzeko, Eusko Jaurlaritzak erantzukizunpeko adierazpen eredu bat argitaratu du, interesdunek bete beharrekoa. Emandako datuak zehatzak ez badira edo faltsuak badira, ezinezkoa izango da joan-etorriekin jarraitzea.
''Etxeratze-aginduari ''dagokionez, 22:00etatik 06:00etara mantenduko da muga, abenduaren 24tik 25era eta urtarrilaren 31tik 1era bitarteko gauetan izan ezik, orduan 01:30etik 06:00etara izango baita, afaldu ondoren etxera itzuli ahal izateko.
Azkenik, bilerak gehienez sei lagunekoak izango dira, abenduaren 24, 25 eta 31n eta urtarrilaren 1ean izan ezik, orduan gehienez 10 pertsonara areagotu ahal izango baita.
Ostalaritza berriro irekitzea
Mugikortasunari buruzko neurriez gain, 44/2020 Dekretuak honako hauek ere aipatzen ditu, nagusiki:
- Saltokiek 21:00etan itxi beharko dute gehienez, eta alkohola saltzeko baimena emango zaie ixteko ordutegira arte.
- Ostalaritza-establezimenduak zabaldu ahal izango dira, baldin eta udalerrian metatutako intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 500 baino txikiagoa bada; handiagoa bada, itxita jarraitu beharko dute. Udalerri bakoitzeko tasen zerrenda astelehen eta ostegunetan zabalduko da.
- Gehienez ere 20:00etan itxi beharko dira taberna eta jatetxeak, eta ezingo dute 06:00ak baino lehen zabaldu. Etxerako zerbitzuak 22:00ak arte eskaini ahalko dira.
- Terrazetan edukieraren %100era eta lokalen barruan %50era eskaini ahalko dira zerbitzuak. Debekatuta dago barran eta zutik kontsumitzea.
- Txoko, sozietate gastronomiko, lonja eta antzekoek itxita jarraitu beharko dute.
- Kultur eta gizarte ekitaldiak ezingo dira 21:00ak baino beranduago amaitu.
- Kirola modu indibidualean soilik egin ahalko da. Talde profesional, semi-profesional eta federatuen entrenamenduak eta gimnasio eta kiroldegietako programatutako ekintzak baimenduta egongo dira, sei pertsonako taldeetan gehienez ere. Eskola kirola oraindik ez da hasiko.
- Aldagelak erabiltzeko aukera izango da %30eko edukierarekin, eta dutxak, aldiz, banaka.
Gogorarazten dizuegu maskara erabiltzea derrigorrezkoa dela 6 urtetik gorako pertsona guztientzat, eta espazio publikoetan erretzea ez dagoela baimenduta, pertsonen arteko gutxienez 2 metroko distantzia mantendu ezin bada.
Lotutako albisteak

'Pintxolagun' osteguneko 19:30etan eta 'Gurasolagun' ostiraleko 17:15etan