Erreferentziazko zerbitzuen telefono-gida, iman formatuan
Ermuko Udaleko Gizarte Zerbitzuek kanpaina bat jarri dute abian erreferentziazko telefono garrantzitsuenak dendetara, etxe guztietara eta, bereziki, adinekoengana hurbiltzeko. Horrela, datozen asteetan telefonoen gida txiki bat banatuko da iman formatuan, larrialdi edo behar baten aurrean berehala erreakzionatu eta informazioa eskura eduki ahal izateko.
Ekimen hau Ermua, Hiri Lagunkoia Adinekoekin proiektu estrategikoan herritarrek izan duten parte hartzetik sortu da. Udalerriko adinekoek parte hartu zuten saio batzuetan, zailtasun gisa ikusi zen askotan gehiegizko informazioa dagoela, eta horrek eragotzi egiten duela premia-uneetan azkar erantzutea.
Egoera horren aurrean, adinekoek beraiek planteatu zuten gure inguruan erreferentziazkoak diren telefono-zenbakiak bilduko zituen gida txiki bat sortzeko aukera. Gainera, egokitzat jo zuten zerrenda etxeko leku ikusgarri eta irisgarri batean jartzea, informazioa errazago eskuratzeko.
Proposamen horretatik abiatuta, Ermua Hiri Lagunkoia lan-taldeak gida txiki hau diseinatu eta definitu du, iman formatuan, gure inguruan lehentasunezkotzat jotzen diren telefonoak biltzen dituena, hala nola zentro publikoak, osasun-zentroak edo garraioak.
Gida Ermuko etxe guztietara banatuko da abenduaren 30etik aurrera.
Lotutako albisteak

'Pintxolagun' osteguneko 19:30etan eta 'Gurasolagun' ostiraleko 17:15etan