Eusko Jaurlaritzak udalerriko sarrera-irteerak mugatu eta pertsonen arteko bilerak lau pertsonetara murriztu ditu
Dekretu berriak mugakide diren udalerrien arteko mugikortasuna ere eragozten duenez, ermuarrok ezin izango gara Eibarrera joan, salbuespenak salbuespen
Gaur, urtarrilak 25, astelehena, indarrean sartu da Eusko Jaurlaritzaren 4/2021 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan Covid-19aren hedapena dela eta prebentzio-neurri berriak ezartzen dituena. Testuak bi berritasun nagusi ditu:
- Udalerrietako konfinamendu perimetrala: astelehen honetatik aurrera, pertsonen sarrera-irteerak bizileku duten udalerrira mugatuko dira. Oraingo honetan, gainera, ez da mugakide diren herrien arteko mugikortasuna baimentzen; beraz, ezin izango gara Eibarrera hurbildu, dekretuak jasotzen dituen salbuespenetako batengatik ez bada: osasun-zentroetara joatea, laneko edo hezkuntzako betebeharrak betetzea, adinekoak edo mendekoak zaintzea edo ezinbesteko kausengatik.
- Bilerak gehienez ere lau pertsonetara mugatzea: bai espazio publiko itxietan, bai aire zabalekoetan, bai erabilera pribatuko guneetan, taldeak ezingo dira lau pertsona baino gehiagokoak izan, salbu eta bizikideak badira. Nolanahi ere, komeni da bizikidetza-unitate bat baino gehiagoko bilerak edo topaketak saihestea, bereziki barne-espazioak direnean.
Prebentzio-neurri berri horiez gain, Eusko Jaurlaritzak indarrean mantenduko ditu Euskadiren eta lurralde historikoen perimetro-itxiera, gaueko mugikortasunaren muga (22:00etatik 06:00etara) eta merkataritza- eta kultura-jardueraren itxiera 21: 00etan.
Bestalde, 100.000 biztanleko 500 kasuko intzidentzia-tasa gainditzen duten herrietan ostalaritza itxiko da eta taldeko kirol-jarduera eten egingo da. Gaur, urtarrilaren 25ean, Ermuak 100.000 biztanleko 424,50 kasuko tasa du, eta, beraz, oraingoz ez da beharrezkoa izango neurri osagarri horiek aplikatzea.
Lotutako albisteak

'Pintxolagun' osteguneko 19:30etan eta 'Gurasolagun' ostiraleko 17:15etan