Aurrematrikulazio kanpaina hasi da Ermua-Mallabia OLHUIn

17.03.21
Hezkuntza

Ermua-Mallabia Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuak 2021/2022 ikasturterako aurrematrikulazio kanpainari hasiera eman dio. Prestakuntza hori, batez ere, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua lortu ez duten 15 eta 17 urte bitarteko gazteentzat da.

Irailean hasiko den datorren ikasturterako, honako espezialitateak prestatu dira:

  • Ile-apainketako laguntzailea: ilea mozteko eta orrazteko teknikak, estetika – manikura, pedikura, makillajea eta depilazioa – eta masaje-teknikak.
  • Ibilgailuak konpontzeko laguntzailea: mantentze-lanak, automobilen oinarrizko konponketa, gainazalak prestatzea eta osagarriak muntatzea.
  • Elementu metalikoen fabrikazioko langilea: mekanizazioa eta muntaketa (tornua eta fresatzeko makina), metrologia eta egiaztapena, galdaragintza, arotzeria metalikoa eta soldadura eta elektronika.

Ermua-Mallabia OLHUIko prestakuntza-moduluek bi ikasturteko eta 2.000 orduko iraupena dute, eta horietatik 260 ordu lantokietako praktikei dagozkie. Oinarrizko Lanbide Heziketa gainditu ondoren, ikasleek hezkuntza-sistemaren barruan jarraitzea errazten du institutuak, erdi-mailako heziketa-zikloetara zuzenean sartzeko eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua lortzeko aukerarekin. Gainera, 1. mailako profesionaltasun-ziurtagiria lortu ahal izango dute ikasleek, lan-merkatuan sartzea errazten duena.

Ate irekien jardunaldiak

Apirilaren 12tik 30era, Ermua-Mallabia OLHUIk ate irekien jardunaldiak egingo ditu, eta aurrez hitzordua eskatuta bisitatu ahal izango da zentroa. Bisita gidatua eskatzeko, deitu 943 17 54 27 telefono zenbakira edo idatzi mezu bat imfpb@udalermua.net helbide elektronikora.

Bestalde, bihar, osteguna, institutuak, Debegesarekin lankidetzan, eskualdeko Lanbide Heziketako ikastetxeekin online jardunaldi batean parte hartuko du. Jardunaldi horretan, inguruko prestakuntza-eskaintza guztia azalduko zaie Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei. Ondoren, ikastetxeei galdetegi bat bidaliko zaie, prestakuntza horretan interesa duen ikaslerik izanez gero bete dezaten.

Lotutako albisteak

Imagen
24.01.25
Iraunkortasunaren aldeko "Agenda txikia" ikastetxeetan jada

Lehen Hezkuntzako ikasleentzako GJHen bertsio egokitua da, eta alkateak eta udal liburuzainak eraman dute
Imagen
HLHko ikasleak, Gaztekimeneko lehen saria jasotzen | Alumnado de FPI recibiendo el primer premio de Gaztekimen
13.12.24
Ermua-Mallabia HLH institutuko lau ikaslek Gaztekimen proiektuko lehen saria eskuratu dute

Institutuko bigarren urteko ikasleek uretako edo mendiko abentura jardueraz gozatuko dute egin duten proiektuari esker
Imagen
25.11.24
Jolaserako txoko dibertigarriak Hiri Hezitzailearen Nazioarteko Eguna ospatzeko

Ostiral honetan, azaroaren 29an, 17:00etatik 19:00etara Orbe Kardinala plazan edo, euria eginez gero, Merkatu plazan