Abian da balkoiak eta leihoak apaintzeko lehiaketaren hirugarren edizioa
Ermuko Udaleko Ingurumen Sailak balkoiak eta leihoak apaintzeko lehiaketa antolatu du hirugarren urtez, Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziarekin lankidetzan.
Lehiaketa honen helburua herriko ingurumen kalitatea eta itxura hobetzea da, bertako bizilagunen partaidetzaren bidez. Landareei eta loreei garrantzia emanez, herrigune atseginagoa eta ederragoa lortzen da, guztiok gozatu ahal izateko.
Ermuko bizilagun guztiek parte hartu dezakete lehiaketan. Izen-emate epea maiatzaren 28tik ekainaren 18ra bitartean egongo da zabalik Abiapuntu bulegoan edo tconde@udalermua.net helbide elektronikora idatzita.
Bestalde, maiatzaren 28an, 10:00etatik 13:00etara, Orbe Kardinal plazan lore banaketa izango da. Landare bat etxera doan eraman ahal izateko, nahitaezkoa izango da etxe guztietara banatzen ari den inprimakia bete eta entregatzea. Eskaera orria hemen ere ikusi daiteke.
Sariei dagokienez, herri mailako bi sari izango dira, bata 200 euroko bonua eta bestea 150 eurokoa, Ermuko Merkataritza Guneko kide diren saltokietan erabiltzeko. Gainera, Elgoibarren eta Eibarren ere lehiaketa egingo denez, eskualde mailako beste sari bat emango da, 250 eurokoa, irabazleak bere herriko saltokietan erabil dezan.
Epaimahaiak uztailean zehar ikusi eta baloratuko ditu balkoi eta leiho parte-hartzaileak, lore apainketa ederrenak saritzeko.
Ekimen honi buruzko informazio gehiago eskuratu nahi dutenek 943 17 91 46 telefonora dei dezakete edo tconde@udalermua.net helbidera idatzi.
Debegesak loreen zaintzaren inguruko bideoak zabaldu ditu, herritarrak lehiaketan parte hartzera animatzeko.
Lotutako albisteak

Lehen Hezkuntzako ikasleentzako GJHen bertsio egokitua da, eta alkateak eta udal liburuzainak eraman dute

Mankomunitateak Ermuko gainerakoen frakzioan jasotako lagin bat ezaugarritu du ikasleen aurrean

Azaroaren 24ko igandean egingo da, goizeko 9etatik aurrera