Baldespina Markesa kaleko lurpeko edukiontziak lurrazalekoekin ordezkatuko ditu Mankomunitateak

13.09.21
Ingurumena

Debabarrena eskualdeko Mankomunitateak lurpeko 52 edukiontziren ordez lur gaineko edukiontziak jartzeko lanak hasiko ditu gaur, astelehena. Mallabian, Ermuan, Eibarren, Elgoibarren eta Mutrikun egingo dira lanak, eta gure udalerriaren kasuan, bihar asteartea, irailak 14, Baldespina Markesa kaleko bi edukiontzi lurperatuak aldatuko dira.

Udalerri bakoitzeko edukiontzien egoera aztertu ondoren, Mankomunitateko Batzar Nagusiak lur azpiko sistema zaharkituak lur gaineko sistemekin ordezkatzea erabaki du. Lan horiekin, lurpeko edukiontzien kopurua murriztea da helburua, edukiontziak mantentzeak dakarren gastua murrizteko eta sistema horiek konpontzeko lanek herritarrei eragiten dizkieten eragozpenak saihesteko. Horrela, hondakinen bilketaren eraginkortasuna handituko da, mantentze-gastuak murriztuko dira eta zerbitzuaren kalitatea eta eskualdeko gaikako bilketa hobetuko dira.

Batez beste, lurpeko ''nitxo'' bakoitza 3 ordutan deuseztatzen da; beraz, Mankomunitatearen kronogramak egunean bi edukiontzi baliogabetzea aurreikusten du. Sistema aldatzeko, lurpeko edukiontzia baliogabetzen da, ontzia kentzen da eta segurtasun-txapa bat jartzen da. Prozesu horren ondoren, produktu ez-labaingarri bat aplikatzen da, eta egun batez lehortzen utzi behar da.

Gastuak murriztu zerbitzuak indartzeko

Lurpeko edukiontziak lurrazalekoetatik aldatuta, Mankomunitateak gastuak murriztu nahi ditu, azken horiek lurpeko edukiontziek baino mantentze-lan txikiagoa behar baitute. Iaz, Mankomunitateak 151.673 euro bideratu zituen lurpeko edukiontziak konpontzeko, eta 89.078 euro prebentziozko mantentze-lanetarako. Mekanismo mekanikoen eta elektronikoen bidez funtzionatzen dutenez, erraz hondatzen dira hezetasunarekin. Ondorioz, konpontzen diren bitartean, lurrazaleko hainbat edukiontzi instalatu behar dira eremu berean, lurpeko hondakin kopuru bera jaso daitekeela bermatzeko. Horrek eragozpenak sortu ohi dizkie herritarrei; izan ere, konponketa-lanek espazio publikoko leku asko hartzen dituzte eta, zenbaitetan, luzatu egiten dira.

Lurpeko edukiontzien kopurua murriztuta, edukiontziak mantentzeak dakarren gastua murriztuko da, eta konponketa-lanen aurrekontua beste zerbitzu batzuk hobetzera bideratu ahal izango da.

Lurrazaleko edukiontzi berriak eragozpen gutxien sortzen duten lekuetan jarriko dira, herritarren egunerokotasuna oztopatzen ez duten lekuetan. Horiek guztiak estetikoki homogeneoak izango dira, eta Mankomunitateko langileek hondakinak azkar biltzeko moduan kokatuko dira. Horrela, hondakinen bilketan zarata murriztuko da eta langileen segurtasuna eta erosotasuna bermatuko da.

Lotutako albisteak

Imagen
24.01.25
Iraunkortasunaren aldeko "Agenda txikia" ikastetxeetan jada

Lehen Hezkuntzako ikasleentzako GJHen bertsio egokitua da, eta alkateak eta udal liburuzainak eraman dute
Imagen
21.11.24
Hondakinak behar bezala bota eta aprobetxatu ahal izateko saio praktikoa

Mankomunitateak Ermuko gainerakoen frakzioan jasotako lagin bat ezaugarritu du ikasleen aurrean
Imagen
18.11.24
Artarraik ‘Ireki begiak, erne belarriak’ ekimenaren edizio berria antolatu du

Azaroaren 24ko igandean egingo da, goizeko 9etatik aurrera