Haurrak eta adineko pertsonak, elkarrekin hobetzeko, ikasteko, parte hartzeko eta elkarbanatzeko prest
Ermua Hiri Hezitzailea eta Adinekoekin Hiri Lagunkoia tokiko proiektuek bosgarren urteurrena ospatu dute Orbe Kardinalaren plazan baldosa oroigarri bat jarriz
Haurren V. Kontseiluaren hasiera aprobetxatuz, Ermua Hiri Hezitzailea eta Ermua Hiri Lagunkoia Adineko Pertsonekin proiektu parte-hartzaileak euren bosgarren urteurrena ospatzeko bildu dira gaur, ostirala, urriak 22. Bost urteko ibilbidea oroitzeko, Ermuko Udalak baldosa bat jarri du Orbe Kardinalaren plazan, bi proiektuek aldarrikatzen dituzten balioak islatzen dituena: hobetzea, ikastea, parte hartzea eta elkarbanatzea.
"Bi proiektu parte-hartzaileren isla"
Plazan, Zubiaurre kalearen eta kioskoaren artean, kokatu da baldosa, eta proiektu parte-hartzaile horien bosgarren urteurrena irudikatzen du. Elementu honek Udaleko kupulen irudia du, azken urteotan erakundeak bizi izan duen eraldaketatik sortu baitira bi ekimenak. Horren azpian daude bi proiektuen logoak:
- Hiri Lagunkoia Adinekoekin – Lagunkoia Sustraietatik ekimenak 60 urtetik gorako pertsonen parte-hartzea sustatzen du, inguruneak eta hiriak kolektibo hori komunitatean aktibo mantendu ahal izateko moduan diseinatu daitezen.
- Hiri Hezitzaileak herritarrei gogorarazten die pertsona guztiak hezkuntzako eta aldaketako eragileak garela, eta, beraz, hiri hezitzaileen printzipioekin konprometitu behar dugula, gizabanako eta gizarte gisa aurrera egin ahal izateko.
Bi ekimen horiek udalerrian haurren eta adinekoen kolektiboa ordezkatzen duten pertsonen parte-hartzean oinarritzen dira, sustatutako aldaketek haien ikuspuntuari erantzun diezaioten.
Gainera, baldosak lau aditz erakusten ditu Udalaren logoen eta proiektuen inguruan: hobetu, ikasi, parte hartu eta elkarbanatu. Ermuko herritarrak ordezkatzen dituzten eta inklusiboak diren lau hitz dira, Ermuan bizi diren pertsona guztien elkarreragin-dinamikak kontuan hartzen baitituzte.
Plaka honekin, Ermuak herritarrei gogorarazi nahi die “hiri baten balioa hiri hori osatzen duten herritarren balioa” dela (John Stuart Mill).
Haurren Kontseiluaren edizio berria
San Lorenzo, Ongarai, Anaitasuna, Eskolabarri eta San Pelaio ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. mailako 32 haurrek osatzen dute Haurren V. Kontseilua. Ermuko Alkatetzaren aholkularitza-organo gazteenak gure herrian Jokoaren Eguna antolatzeko erronkari aurre egin beharko dio 2021/2022 ikasturte honetan. Horretarako, kontseilari txikiek Adinekoekin Hiri Lagunkoia proiektuko talde sustatzailearekin lan egingo dute, adin guztietako herritarrei zuzendutako eguna izango baita. Izan ere, jokoak onura asko ekartzen dizkio komunitateari eta baita norbanakoari ere, eta jokorako eskubidea defendatu eta aldarrikatu nahi da. Horrela, sozializazio-espazioak berreskuratzea lortzen da, adin guztietako pertsonen arteko komunikazioa eta ongizate pertsonala bultzatzen da, inguratzen gaituen mundua ezagutzea eta mundura egokitzea ahalbidetzen du, eta kontzentrazioa eta memoria bezalako arreta-prozesuak garatzen laguntzen du.
Kontseiluko partaideek euren artean aurkezteko eta elkar ezagutzeko aukera izan dute, baita Juan Carlos Abascal alkatea, Hiri Hezitzailea eta Ermua Hiri Lagunkoia taldeetako kideak eta euren lan-saioak dinamizatuko dituzten eta ikasturte osoan zehar lagunduko dieten pertsonak ere.
Hasierako aurkezpenen ondoren, zuzenean ezagutu ahal izan dute zertan datzan Haurren Kontseilua eta azken 5 urteetan gure udalerrian organo honen lanari esker egin diren aldaketak. Lehenengo bilera honi amaiera emateko, kontseilariek baldosaren inaugurazioan parte hartu dute.
Lotutako albisteak

Lehen Hezkuntzako ikasleentzako GJHen bertsio egokitua da, eta alkateak eta udal liburuzainak eraman dute

Institutuko bigarren urteko ikasleek uretako edo mendiko abentura jardueraz gozatuko dute egin duten proiektuari esker

Ostiral honetan, azaroaren 29an, 17:00etatik 19:00etara Orbe Kardinala plazan edo, euria eginez gero, Merkatu plazan