Irakurketa, Ermuko haur eta gazteen arteko topagune

06.06.22
Hezkuntza

Ermua Hiri Hezitzailea lantaldeak Liburutruk proiektua bultzatu du, ekimen solidarioa, non bi belaunaldi ezberdinek, haurtzaroak eta gazteriak, kulturaren bidez esperientzia bat partekatzen duten.

Ermuko Udal liburutegia eta Ermua-Mallabia Oinarrizko Lanbide Heziketako Institutuko ikasleak elkarlanean aritu dira Liburutruken, herriko ikastetxeei liburuak trukatzeko gune bat eskaintzeko.

Ekimen honen lehen fasean, OLHUIko Elementu Metalikoen Fabrikazioko lehen urteko ikasleek 5 apalategi diseinatu eta eraiki dituzte gure herriko Lehen Hezkuntzako bost ikastetxeentzat: Ongarai, Anaitasuna, San Lorenzo, San Pelaio eta Eskolabarri.

Lan hori ikaskuntza-zerbitzua metodologiaren bidez egin da. Sistema horretan, ikasleek ikasturtean zehar eskuratutako ezagutzak eta gaitasunak praktikan jartzen dituzte, eta beren komunitateari mesede egiten dion proiektu bat gauzatzen dute. Kasu honetan, lana ikastetxeei zuzenduta dago, eta, zehazki, haurrei.

Bestalde, bigarren fasean, liburutegiko langileek euskarazko eta gaztelaniazko 85 liburu aukeratu dituzte ikastetxe bakoitzerako, haur-liburutegiko adin tarte eta kolore berberen arabera sailkatuta. Material horretatik liburu gehienak duela gutxi egin den liburutegi-funtsen garbiketatik datoz. Sorta horiei OLHUIko ikasleek emandako aleak gehitu zaizkie, eta guztiek Liburutruken identifikazio-logoa dute estalkian.

Kultura partekatzeko guneak

Apalategi horien funtzioa haurren irakurzaletasuna sustatzea eta liburuak libreki trukatzeko espazio bat eskaintzea da. Era berean, albo batera utzitako eta dohaintzan emandako liburuei bigarren bizitza ematea lortzen da, ekonomia zirkularraren estrategiaren ildotik.

Maiatzeko azken astean eta ekainaren lehenengoan, apalategiak eraiki dituzten OLHUIko ikasleak, haien irakaslea eta liburutegiko langileak Lehen Hezkuntzako bost ikastetxeetara hurbildu dira altzariak instalatzera eta irakurketa-materiala entregatzera. Horri guztiari proiektuari buruzko gida informatibo orientagarri bat erantsi zaio, irakasleentzako dinamizazio-proposamenak biltzen dituena.

Ekimen hau Lehen Hezkuntzako zikloko ikasleen artean txertatzea eta dinamizatzea espero da 2022/2023 ikasturtean, betiere proiektuan inplikatutako ikastetxe bakoitzaren aniztasuna eta beharrak kontuan hartuta.

Ermua-Mallabia Institutuko eta liburutegiko arduradunek eskerrak eman nahi dizkiete proiektu hau ahalbidetu duten bost ikastetxe parte-hartzaileei, jarrera onagatik, inplikazioagatik eta lankidetzagatik, irailetik aurrera proiektua garatzen jarraituko baitute.

Lotutako albisteak

Imagen
24.01.25
Iraunkortasunaren aldeko "Agenda txikia" ikastetxeetan jada

Lehen Hezkuntzako ikasleentzako GJHen bertsio egokitua da, eta alkateak eta udal liburuzainak eraman dute
Imagen
HLHko ikasleak, Gaztekimeneko lehen saria jasotzen | Alumnado de FPI recibiendo el primer premio de Gaztekimen
13.12.24
Ermua-Mallabia HLH institutuko lau ikaslek Gaztekimen proiektuko lehen saria eskuratu dute

Institutuko bigarren urteko ikasleek uretako edo mendiko abentura jardueraz gozatuko dute egin duten proiektuari esker
Imagen
25.11.24
Jolaserako txoko dibertigarriak Hiri Hezitzailearen Nazioarteko Eguna ospatzeko

Ostiral honetan, azaroaren 29an, 17:00etatik 19:00etara Orbe Kardinala plazan edo, euria eginez gero, Merkatu plazan