‘Don’t be dummy’: zuk ez duzu ordezkorik
San Pelaio ikastetxeko, Ermua BHIko eta Ermua-Mallabia Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuko 342 gazte Ermua Antzokian elkartuko dira bihar asteazkena, urriak 19, Don''t be dummy – Zuretzat ez dago ordezkorik programan parte hartzeko. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak antolatu du trafiko-istripuak prebenitzeko bide-hezkuntzako ekimen hau, eta unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako 15 eta 20 urte bitarteko ikasleentzat dago zuzenduta bereziki.
Don''t be dummy zuzeneko saio elebiduna izango da, 55 minutukoa, eta hainbat testigantza ikusi eta entzun ahal izango dira. Aitor de Velasco ertzainak, Javier Garcia udaltzain ermuarrak, Lander San Anton suhiltzaileak eta Alaitz Arbilla trafiko istripu bateko biktimak euren testigantzak zuzenean emango dituzte. Lehen pertsonako narrazio horien bidez, gazteen kontzientziak mugitu nahi dira, emozioz beteriko eta eragin handiko esperientziak baitira.
Laster ibilgailu bat gidatuko duten edo lagunekin bidaiatuko duten gazteak kontzientziatu nahi dira programa honekin, bide-arriskuei eta lotutako prebentzio-neurriei buruz. Dummy, 3D pertsonaia avatar interaktiboa, ekitaldiaren aurkezlea eta haria da, eta saioan zehar, hainbat egoera eta emozio esperimentatuko ditu ondorio argi batera iristeko: Zuk ez duzu ordezkorik.
Lotutako albisteak

Lehen Hezkuntzako ikasleentzako GJHen bertsio egokitua da, eta alkateak eta udal liburuzainak eraman dute

Institutuko bigarren urteko ikasleek uretako edo mendiko abentura jardueraz gozatuko dute egin duten proiektuari esker

Ostiral honetan, azaroaren 29an, 17:00etatik 19:00etara Orbe Kardinala plazan edo, euria eginez gero, Merkatu plazan