Haurrekin: ahal dutelako, nahi dutelako eta behar ditugulako
Ermuko Udalak Haurren Hirien Sariaren kongresuan parte hartu du asteazken honetan, Donostiako Tabakalera gunean. Haurrekin: ahal dutelako, nahi dutelako eta behar ditugulako izenburupean, Haurren Hirien Sarea osatzen duten hainbat udaletako ordezkari politiko eta teknikoek haurtzaroarekin lotutako esperientziak eta jarduerak aurkeztu dituzte, eta bertan izan da Ermua.
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak ireki du jardunaldia, Erandioko alkate Aitziber Oliban eta Innobasqueko presidente Manuel Salaverriarekin batera. Sarreraren ondoren, Francesco Tonnuci psikopedagogo italiarrak, Hiri Hezitzaileen mugimenduaren sortzaileak, hitzaldi interesgarri bat eskaini du, Haurrekin lan egitea guztiak hazteko izenpean. Tonnucik bideokonferentziaz baliatu da parte hartzeko.
Etenaldi labur baten ostean, Haurren Hirien Sareko sei udalerrik euren esperientziak azaldu dituzte hiru mahai-ingurutan banatuta. Ermuak hirugarren txandan parte hartu du, Durangorekin batera, Kaleak jolastuz: autonomia, espazioa eta jolasa gaiarekin. Sandra Cid, Ermua-Mallabia OLHUIko zuzendari eta Ermua, Hiri Hezitzailea proiektuaren partaideak, gure udalerrian haurtzaroarekin eta jokoarekin lotuta egin diren ekintzak partekatu ditu, hala nola Jolasaren Egunaren antolaketa, Errespetuz jolasteko kartelak jartzea, Haurren Kontseiluaren eta adinekoen talde eragilearen arteko kolaborazioak eta belaunaldien arteko jokoak, besteak beste.
Topaketari amaiera emateko, Innobasquek eta Eusko Jaurlaritzak Haurren Hirien Sarerako aurreikusitako jarduketei buruzko xehetasun gehiago eman dituzte.
Lotutako albisteak

Lehen Hezkuntzako ikasleentzako GJHen bertsio egokitua da, eta alkateak eta udal liburuzainak eraman dute

Institutuko bigarren urteko ikasleek uretako edo mendiko abentura jardueraz gozatuko dute egin duten proiektuari esker

Ostiral honetan, azaroaren 29an, 17:00etatik 19:00etara Orbe Kardinala plazan edo, euria eginez gero, Merkatu plazan