Ehuntzen eta hitz egiten, belaunaldi arteko aisialdi jarduera berria liburutegian

19.09.24
Imagen
Udal Liburutegia
Kultura eta Gazteria
Gizartea
Tailerrak 15 eta 30 urte artekoei eta 65 urtetik gorako pertsonei zuzenduta daude

Ermuko Udal liburutegiak kultur eta aisialdi proposamen berria antolatu du datorren ikasturtean zehar egingo dena, kakorratz eta puntu sormen lanak solasaldiarekin eta irakurketarekin uztartuz.

Proposamen nagusia bi taldetan banatzen da: bata 65 urtetik gorakoentzat lehentasunezkoa, goizez egingo dena, eta bestea belaunaldien artekoa, adin desberdinetako parte-hartzaileekin, hilean bi arratsaldez. Kakorratz eta puntu lanetan aditua den pertsona batek dinamizatuko ditu topaketak, baina parte hartu ahal izateko ez da beharrezkoa aldez aurretik ezagutzarik izatea, ezta materialik ekartzea ere; Udal liburutegiak emango du behar den guztia.

Saioetan, pertsona bakoitzak nahi dituen kakorratz edo puntu lanak egingo ditu, eta ikasitakoarekin, etxean jarraitu ahal izango ditu.

Helburua da lan horiek egin ohi dituzten pertsonek edo egiten ikasi nahi dutenek espazio eta momentu horiek partekatzea, elkarren artean harremantzea eta beren interesekoak diren gaurkotasuneko gaiei edo irakurketei buruzko elkarrizketa bultzatzea. Horretarako, dinamizatzaileak eta liburutegiak baliabideak jarriko dituzte haien eskura.

Talde bakoitzaren inguruko xehetasunak honakoak dira:

  • Goizeko taldea: batez ere 65 urtetik gorakoentzat da, eta adinekoen topaketa-errutinak errazteko eta, horrela, aisialdi-ohitura egonkorrak lortzen laguntzeko pentsatuta dago. Hilean bi asteartetan bilduko da, 9:30etik 11:00etara, eta lehenengo bi saioak urriaren 8an eta 22an izango dira. Gehienez 15 plaza egongo dira, eta pertsona edadetuenek izango dute lehentasuna.
  • Arratsaldeko taldea: belaunaldien arteko komunikazioa eta elkarrizketa errazteko, eta, horrela, adin desberdineko pertsonen arteko loturak sortzeko pentsatutako taldea da. Gehienez 20 plaza egongo dira: zortzi 15 eta 30 urte bitarteko gazteentzat eta hamabi 65 urtetik gorakoentzat. Talde hau hilean bitan bilduko da, astelehenetan, 17:30etatik 19:00etara. Lehenengo saioak urriaren 14an eta 28an izango dira.

Arratsaldeko talde horren helburuak dira, besteak beste, gazteek puntua eta kakorratza egiten ikastea edo elkarrekin egitea, beren jantziak, osagarriak eta objektuak (poltsak, beharrak, bufandak, jertseak...) sortzea eta zaletasun bera duten adinekoekin ezagutzak, elkarrizketa eta espazioa partekatzea.

Izen-emateak, iraupena eta baldintzak

Izena emateko epea urriaren 4an amaituko da goizeko jarduerarako. Arratsaldeko taldearen kasuan, epea urriaren 10era arte luzatuko da.

Bi jarduerak doakoak dira, urrian hasiko dira, talde bakoitzarentzat adierazitako egunetan, eta maiatzean amaituko dira. Bilerak bi astean behin egingo dira, eta, ekimenak aurrera atera ahal izateko, talde bakoitzean gutxieneko parte-hartzaile kopuru bat behar da. Ermuan erroldatutako pertsonek lehentasuna izango dute, eta eskainitakoak baino plaza gehiago eskatzen badira, zozketa egingo da.

Jardueretan parte hartu ahal izateko bete beharreko baldintza bakarra liburutegiko bazkide izatea da; izapide hori doakoa da. Izen-ematea liburutegian bertan egin daiteke, 943 17 92 12 telefonoan, https://wa.me/34943179212 WhatsAppean edo biblioteca@udalermua.net helbidean. Edonola ere, izen-abizenak, liburutegiko bazkide zenbakia, jaioteguna, harremanetarako telefonoa eta posta elektronikoa, halakorik izanez gero, aurkeztu beharko dira.

Onartutako pertsonen zerrenda webgune korporatibo honetan argitaratuko da, eta izena eman duten pertsona guztiei jakinaraziko zaie.

Lotutako albisteak

Imagen
07.03.25
Prueba de noticia

Esto es una prueba
Imagen
18.02.25
Ermua Antzokiak ‘Maria Callas’ eta ‘Mikaela’ estreinuak proiektatuko ditu aste honetan

‘Itoiz, Udako sesioak’ eta ‘Azerik eta Erbik basoa salbatzen dute’ filmek osatzen dute zinema eskaintza
Imagen
18.02.25
'Berbalagun'ek jarduera bi antolatu ditu aste honetarako

'Pintxolagun' osteguneko 19:30etan eta 'Gurasolagun' ostiraleko 17:15etan