Santa Anak auzoko bulegoa izango du zonaldearen modernizazioa bultzatzeko

Martxoaren 19tik aurrera, asteartea, Santa Ana auzoak bulego propioa izango du, eta, bertan, Ermuko Udalak gidatzen duen drOp proiektuarekin zerikusia duten gaiak aztertzeko aukera izango dute bertako bizilagunek. Bulegoa Lobiano Kultur Guneko erakusketa aretoan kokatzen da behin-behinean, eta astelehenetan 16:00etatik 19:00etara eta astearte eta ostegunetan 10:00etatik 13:00etara eskainiko du zerbitzua.
Europako Batzordeak finantzatutako drOp proiektuaren helburua da 60. eta 80. hamarkaden artean eraikitako auzoak eraldatzea eta auzo moderno eta inklusibo bihurtzea, hiri-espazioa eta herritarren bizi-kalitatea hobetuz. Santa Ana auzoa proiektu honen pilotu bat da, eta gune horren garapena sustatzeko ekintzak eta ekimenak burutuko dira. Ekintza horien artean auzoko edo hurbileko bulegoa irekitzea dago.
Auzo bulegoaren helburua Santa Anako komunitateari hainbat alderditan laguntzea da, auzotarrei honakoetarako aukera emanez:
- DrOp proiektuari eta haren ekimenei buruzko informazio zehatza lortzea
- Proiektuari lotutako partaidetza-prozesuetan eta erabakiak hartzeko prozesuetan parte hartzea
- Erakunde publikoek eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeko ematen dituzten laguntzei buruz informatzea
- Laguntza horiek behar bezala izapidetzeko administrazio-laguntza jasotzea
- Eraikinak eta etxebizitzak berritzeko obrak planifikatzeko eta gauzatzeko aholkularitza teknikoa eta juridikoa lortzea
- Santa Ana auzoan eta auzotik sortzen diren ekimen sozial eta/edo kulturalen topagune izatea
- Energia-komunitateen inguruko informazioa eskaintzea: haien definizioa, sorrera eta kudeaketa
Proiektua hasi zenetik, Santa Ana auzoak auzotarrekin eta hainbat eragilerekin dituen beharrak, erronkak eta aukerak landu dira, eta, ondorioz, 2035. urterako auzoarentzat nahi den ikuspegia lortzen lagun dezaketen hainbat ekimen identifikatu dira. Ekimenak arlo sozial, ingurune, ekonomiko eta digitalean kokatzen dira.
Auzoko bulego berrian, Santa Anako bizilagunek euren interesen araberako ekintzei lehentasuna eman ahal izango diete bozketa bidez eta zeinetan parte hartu nahiko luketen adierazi ahal izango dute. Bulego hori Debegesa eskualdeko garapen-agentziaren laguntzarekin artatuko dute udaleko langileek. Debegesa eskualdeko hainbat auzotan birgaitze integraleko zenbait proiektutan parte hartzen du, eta, gainera, Santa Ana auzoan ireki den antzeko hurbileko bulegoen arretaz arduratzen da.
Santa Ana auzoko drOp proiektuaren eremua bat dator 2019an egindako Hiri Berrikuntzako Plan Bereziaren (BEPB) jarduketa-eremuarekin, eta San Isidro, San Roke, Santa Ana 1, Santa Ana 2 eta Santa Ana 3 kale guztiak eta Goienkale kaleko 12. eraikina hartzen ditu.
Formazio saioak
Bestalde, auzoko bulegoaren irekierarekin batera, hainbat prestakuntza-saio antolatuko dira, pilula gisa, herritarrentzat interesgarriak diren hainbat gairi buruz, espezialistek emango dituztenak:
- Nola zaindu nire burua etxetik teknologiaren bidez (data oraindik zehaztu gabe)
- Auzoko bulegoa, zure laguna birgaitze energetikorantz (apirilak 25)
- Mapathon: herritarren partaidetza auzoa hobetzeko (maiatzak 7)
- Zer da energia-komunitate bat? (maiatzaren 21a)
Lotutako albisteak

'Pintxolagun' osteguneko 19:30etan eta 'Gurasolagun' ostiraleko 17:15etan