
María Rosario Arrizabalaga Urreta ((Ermua, Bizkaia, 1949ko urriaren 18a – Donostia, 2021eko uztailaren 12a), Mariarro deituraz ezagunagoa, gizarte-ekintzailea izan zen, eta feminismoa eta justizia soziala izan zituen bizi-ardatz.
Bere ibilbide politikoa eta konpromiso soziala eskutik joan dira beti eta, nolabait esatearren, bere jardunari esker eskola politiko bat sortu zuen jaioterrian eta herrikideen artean. Frankismo garaian ekin zion militantzia politikoari, hasiera haietan Komunistak taldean; ondoren etorri ziren EMK (Euskadiko Mugimendu Komunista) eta Zutik alderdiak.
Ermuko herriarentzat 1970ko hamarkadan hasita berebiziko garrantzia izango zuen Familien Elkartearen partaide ere izan zen.
Feminismoak eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren aldeko mugimenduak bere bizitza-konpromisoa markatu zuten arren, parte hartu zuen orobat intsumisio mugimenduan, NATOren kontrakoan... eta, geroago pentsio duinen aldeko mobilizazioetan eta Ermuko nagusien egoitzako egoera salatzekoetan ere.