Harri-jausia dela-eta, Goienkale aldi batez itxita egon da
Ibilgailuen zirkulazioa Goienkalen moztu egin da gaur goizean, ‘inpernuerreka’ izenaz ezagutzen den landa-parajean, Goienkaleko 39 eta 41. eraikinen pareko atzeko aldean, harri jausia gertatu delako. Gertakaria goizaldeko seiak eta berrogeita hamabost minutuan izan da eta, bertaratu diren udaltzainei inguruko bizilagunek adierazi diotenez ‘jausiak, zalaparta handia eragin du’. Gertakariak ez du pertsonarik harrapatu eta horregatik ez da zauriturik izan, baina bai kalte materialak, horien zenbatekoa oraindik zehazteke dagoelarik. Harri-jausiak zonaldean aparkatuta zeuden ibilgailu bi eta Mankomunitateko zabor-ontzi bat harrapatu ditu. Harriek eragindako talkaren ondorioz, zabor-ontzia eta ibilgailuetako bat korritu egin dira, bidean geratuz.
Kalte handiena, Peugeot markako eta Partner izeneko ibilgailua urdin argi batek jaso du, minusbaliotasuna duten pertsonak garraiatzeko egokitutakoa eta horientzat erreserbatutako gunean aparkatua egon dena. Halaber, beste Citröen Xsara urdin batek ere, xafla-kalteak jasan ditu, arinagoak izan badira ere. Bertara udaltzaingoaren patruila eta Obra eta Zerbitzuetako taldeko langileak agertu dira, gunea seinaleztatu eta, aldi baterako, pasabidea moztea erabaki dutenak. Obra eta Zerbitzuetako langileek koordinazioaz arduratu dira, makineria ekarri, harriak txikitu eta, ondoren horiek kamioietan jasotzeko. Hori guztia, hain azkar egin ahal izateko, ezinbestekoa izan da herrian obrak egiten diharduten hainbat enpresen lankidetza. Udaltzaingoak, kalteen txostena egin du eta, ibilgailuak erretiratzeko koordinazio lanak baita ere. Ibilgailuen zirkulazioa bere onera bueltatu da arratsaldeko lehen ordurako, bidea jaso eta garbitu ondoren, ordu batak eta erdietan zabalik geratu baita.
Lotutako albisteak

Zerbitzuen alorrak hondatutako eta mantenua behar zuten 22 banku ordezkatu ditu, beste banku birziklatu eta jasangarriago berri batzuk ipiniz

Brigada lanean ari da 6-36 bitarteko zenbakien tartea ilunpetan mantentzen duen linea berrezartzeko

Alkatea eta Foru diputatua bildu egin dira gaur, bi gai horiez hitz egiteko