Ermuko liburutegia, beti herritarren beharrei adi

30.11.06
Udal Liburutegia

Jose Miguel Fernandez lankideak Liburutegi Publikoen III Nazio Kongresuan aurkeztu duen komunikazioa titulatzeko erabilitako izenburua jarri diogu albiste honi. Aipatu kongresu hori Murtziako hirian gauzatzen ari da azken egunetan. Fernándezek bere agerpenean aipatu duenez ‘gure liburutegia mailegua, ikasketa eta irakurketa gelaren zerbitzuak baino zerbait gehiago izan eta eskaini nahi du; kultur eskaintza zabal bat herritarren eskura jarriz. Liburutegiak herrian ezagutza eta kultura hedatu eta zabaltzeko tresna nagusia izan nahi du, horretarako ekimen propioak edo kanpokoak bultzatzen dituelarik. Hori guztia, beti ere, herriko elkarteekin eta beste liburutegiekin lankidetzan arituz’. Gure liburutegiak bere egin du UNESCOk (Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak), kaleratutako manifestuarekin, zeinean esaten den liburutegia ‘ezagutzarako atea izan behar duela; bizitzan ikasketaren oinarrizko baldintza delako eta erabakiak hartzeko eta talde sozialen eta norbanakoaren garapen kulturalean laguntzen duelako’.

Hitzaldian José Miguelek zerbitzuaren helburu gisa ondokoak aipatu ditu: ‘erabiltzaileen beharrak asetzea, ahalik eta herritar kopururik handienera iritsiz eta biztanle talde bakoitzaren beharrak identifikatuz, pertsona bakoitza informazioa edo kultura jasotzeko dituen beharrak oso anitzak izan baitaitezke’. Zerbitzuak dituen baliabideen artean Fernandezek ondokoak zerrendatu ditu: ‘langileon inplikazioa eta gogotik lan egitea, zerbitzu eta orientaziorik onena eskaintzeko, irakurtzeak duen liluragarritasunaz baliatuz eta, langileek jartzen dugun irudimenarekin batera’. Gaineratu duenez, ‘taldeak lan egiteko modu bat dauka, eta baita udalaren eta politikoen etengabeko laguntza; kanpora irteteko aukera bestelako esperientziak ezagutzeko eta trebatzen jarraitzeko ere bai’. Horrezaz gain, ‘liburutegia herriaren hirigunean bertan dago, une oro eragile sozialekin eta talde askorekin harremanetan eta horri esker, sortutako sinergiak eta lankidetza aukerak aprobetxatzen dituzte’.

Liburutegiaren datuak

Udal liburutegiak hamabost urteko antzinatasuna du. Hasiera baten, udaletxe ondoan zegoen eta orain dela zazpi urte ikastetxe ohi batera lekuz aldatu zen, hirigunearen erdi erdian kokatuz. Azken urteetan, liburutegiak gero eta zerbitzu gehiago zabaldu ditu. Gaur egun irakurketan erabiltzeko helduentzat 110 leku ditu eta beste 40 haurrentzat, mediateka eta 8 ordenagailu eramangarri, Wi-Fi edo kablerik gabeko konexioak, liburuen mailegua eta ikus-entzunezkoak. Liburutegia 339 egunetan zabalik dago, eta hori erronka handia da udal liburutegi txiki batentzako. Liburutegia zabalik dago egunero etenik gabe 9,30etatik iluntzeko 8,30etara bitartean. Azterketa garaian, ordutegia luzatu egiten da lanegunetan goizaldeko ordu batak bitartean. 2005. urtean 120.000 aldiz erabili zituzten herritarrek, liburutegiko zerbitzuak.

Lotutako albisteak

Imagen
17.02.25
Larunbatean euskarazko ipuin kontatze saioa izango, ‘Arratsaldean kontu kontari’

Lobiano Kulturgunean egingo da, arratseko 5 eta erdietatik aurrera
Imagen
05.02.25
Komikia protagonista izango Liburutegian

Hiruhilekoan komikien eta eleberri grafikoen irakurketa sustatuko
Imagen
Mahai-joko hainbaten kaxak liburutegian
30.01.25
Adin guztietarako mahai-jokoen tailerraren 3. edizioa prest

Liburutegiak "Mahai-joko, mahai-goxo" ekimenaren hirugarrena antolatu du eta izena emateko epea, otsailaren 7ra arte ireki