San Pelaio parkearen zati bat beiraz itxiko da
Udalak 350 metro karratuko eta beiraz itxitako espazioa atonduko du San Pelaioko parkearen pergolan, hain zuzen ere. Espazio itxi horrek forma borobila izango du eta bere erradioak hamar metro eta hirurogeita hamar zentimetro. Proiektu hori udal bulego teknikoko langileek egin dute eta bere kostua berrehun eta hirurogeita sei mila euro izango dira. Parkea aisialdirako pertsona ugarik erabiltzen duten gunea da, erabilera hori sarri eguraldiak baldintzatzen duelarik, batez ere euria egiten duen egunetan. Horregatik proiektu horren helburua parkean espazio estali eta itxia eratzea da, herritarrek noiznahi erabili dezagun inolako mugarik gabe.
Proiektuan aurreikusitakoaren arabera, espazio estali eta beiraz itxitakoa eratuko da gaur egungo pergolak den formari jarraiki. Espazioak forma borobila izango du eta altzairuzko egituraz osatuko da, goiko aldeko nahiz alboetako beirak segurtasunezkoak izango direlarik. Egitura horrek kargari eutsiko dio eta horretan egin beharreko lanak transmitituko. Gaur egun dagoen pergolak bi lerro paralelok osatzen dute, zirkunferentzia bati jarraiki eta horietako lerro bakoitzak hamar euskarri ditu. Aipatu borobil hori itxi egingo da, lerro bakoitzean lau euskarri edo zutabe gehiago jarrita. Horrela, zirkulu zentrokide bi osatuko dira, batetik bestera hiru metrotik gorako distantzia egongo delarik. Kanpoko lerroak egiturari emango dio forma eta, barrukoak berriz, espazioa bitan banatuko du. Bat, atseden eta aisialdirako (mahai, banku eta abarrekin) eta, bestea, haurrentzako apartuekin. Espazio horrek sei metroko altuera librea izango du erdian eta, hirutik gora bere ertzetan.
Proiektua gai orokorren eta plenoak aztertu beharreko batzordearen azken bileran aurkeztu berri da. Hemendik gutxira, obra horiek lehiaketa bidez esleitzeko prozesuaren berri ematen duen iragarkia argitaratuko da Bizkaiko aldizkari ofizialean eta, esleitu ondoren, lanei ekingo zaie. Planoa eransten da, lagungarria izango delakoan.
Lotutako albisteak

Zerbitzuen alorrak hondatutako eta mantenua behar zuten 22 banku ordezkatu ditu, beste banku birziklatu eta jasangarriago berri batzuk ipiniz

Brigada lanean ari da 6-36 bitarteko zenbakien tartea ilunpetan mantentzen duen linea berrezartzeko

Alkatea eta Foru diputatua bildu egin dira gaur, bi gai horiez hitz egiteko