Martxoan gainezka dator, euskarazko jardueren agenda

01.03.07
Euskara

Tradizioaren arabera martxoa loreen hilea da. Gaur hasten dugun hilabeteak udaberria dakar berarekin, loraldia gertatzen den unerik nagusiena. Loraldi hori landareetan ez ezik herriko talde eta elkarteek antolatu dituzten jardueretara ere zabaldu da. Euskarazko jardueren agenda martxoan gainezka baitator. Hilabete honetan ikastaro, kontzertu, ipuin kontalari, zine emanaldi, antzerki, pailazo, jaialdi, txapelketa eta mahai-inguruak izango baititugu. Agendaren bultzatzailea udala bera da, bere euskara eta kultur sailen bidez. Ekintza Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPNren) barne txertatzen da. Aipatu agenda hori argitaratzeko komenigarritasun eta ideiarekin bat egin dute hainbat gizarte eragile. Horien artean herriko udal eta Kaltxango euskaltegiak, ikastetxeak, Euskal Birusa , udal liburutegia, emakumearen Topagunea, Berbalagun taldeak eta Foru Aldundia bera daude.

Ia egunero dago zerbait, lehen egunetik azkenera

Jarduerei gaur bertan ekin zaie, udal euskara zerbitzuak eskola jantokietan jarduten duten begiraleentzako ikastaro batekin. Ikastaro horrek jarraipena izango du datorren asteko astearte eta ostegunean. Ikastaroko saioak bi ordu irauten dute eta Lobianon ematen da. Bihar herriko PAM musika taldeak joaldia eskainiko du, Carpe Diem tabernan, gaueko hamarretatik aurrera. Larunbatean, udal liburutegiak antolatutako ipuin kontalari baten saio izango da, arratsaldeko 5 eta erdietatik aurrera. Egun horretan , Berbalagun ekimeneko taldeak Hernaniko sagardotegi batera joango dira afaltzera.

Gauza piloa dagoenez, guztien berri ezin dugu hemen eman. Dena den, batzuek aipatzekotan ondokoak dira azpimarra ditzakegunak: ‘Pirritx eta Porrotx’ bikotearen, funtzioa. Pailazoek ‘Mari Motots’ azken muntaiarekin etorriko dira, martxoaren 9an (ostirala). Emanaldia Zineman izango da, arratsaldeko 6 eta erdietan. Aste horretako igandean, martxoaren 11n, Gixonak antzezlana taularatuko da, Lobianon, 19:00etan. Martxoaren 15ean, laburmetraiak izango ditugu ikusgai eta Ane Muñoz zuzendariarekin solasaldia egiteko parada. Lobianon, iluntzeko 8etatik aurrera. Martxoaren 23an, Korrika txikia ospatuko dute herriko ikastetxeek eta Xilipurdi pailazoen ikuskizuna ere izango da, arratsaldeko 3etatik aurrera. Helduen Korrika martxoaren 25eko igandean ailegatuko da Ermura eguerdiko 12,10etan. Egun horretan ere, Txindurri dantza taldeak taldearen eguna ospatuko du hainbat jarduerekin.

Lotutako albisteak

Imagen
18.02.25
'Berbalagun'ek jarduera bi antolatu ditu aste honetarako

'Pintxolagun' osteguneko 19:30etan eta 'Gurasolagun' ostiraleko 17:15etan
Imagen
12.02.25
Imagen
09.12.24
J. Ibaibarriaga XXXI. lehiaketako sarituak ezagutzera eman dira

Euskararen nazioarteko egunean egindako galan sariak banatu ziren