Antzibar enpresak Zinema eraberrituko du 2,4 milioigatik
‘Antzibar S.A.’ enpresak Ermua Zinema goitik behera eraberrituko du 2,4 milioi eurorengatik (2.470.868,81 €). Zinema eraberritzeko obra horiek hamabost hilebetez luzatuko dira. Udalbatzak obra hori Antzibarri esleitzeko aho batez erabaki du, Osokoak eginiko azken bileran. Esleipen hori behin-behinekoa da, enpresari eta lehiaketan parte hartu duten gainerakoei erabakia jakinarazi, eta legeak alegazioetarako ezartzen dituen hamabost egunak pasa bitartean. Lehiaketan bost enpresek hartu dute parte eta Azpeitikoak enkantea bereganatzea lortu du, kontratazio-mahaiak eginiko baremoaren ostean.
Zinema eraberritzeko proiektu hau erronka itzela da, bai teknikoki , eta baita ere kudeaketa nahiz finantzazioari dagokionean. Proiektua aurrera atera ahal izateko Udalbatzak laguntza eskatu die estatuko Kultura Ministerioari, Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari. Zinema urriaren 11n erabiliko da azkenengoz, arratsalde horretan haurrentzako “Zer duzu negarrez, Marie? antzerkia taularatuko baita. Gerora ez du aterik zabalduko berriz, obrak amaitu artean. Obrak, lehenbailehen hasiko direla aurreikusita dago, urriko hilabete honetan bertan.
Errehabilitazio proiektua egiteko jarraitu diren helburu eta irizpideak
Proiektuaren helburu nagusiak ondorengoak dira:
- Sarbide zuzen, irisgarri, eroso eta duinak lortzea, pertsonentzat nahiz material eszenografikoko zama lanak egiten dutenentzat. Sarbide berria Iparragirretik izango da, Izelaietatik gaur egun dagoaren kaltetan, eskaileraz beterik baitago oso estua izateaz gain.
- Aretoa gaur egungo arau eta behar teknikoetara hobetu eta egokitzea. Jarlekuen aretoko ezaugarriak bere horretan mantenduko dira, gorde beharreko elementu arkitektonikoa baita, batez ere bere baldintza akustiko egokiak. Nolanahi ere, aretoaren edukiera ehun pertsonatan murriztuko da, gaurko 622 jarlekutik 519 pasatuz.
- Eszenatokiaren kutxa egokiro neurriratzea, altuera gehiago emanez eta alboetan zabalago utziz , edonolako funtzioak hartu ahal izateko bertan. Kutxa horren goiko aldea azpiegitura berrearen ikurrik adierazgarriena izango da. Argiak izango ditu eta berori hainbat lekuetatik ikusi ahal izango da.
- Erabilera osagarrien erabilera eta kokapenak egokiro banatzea (kamerino-aldagelak, komunak, biltegiak, eta abar…). Horren bidez, zamalanei erantzun egokia ematea.
- Girotze, elektrizitate eta argi instalazioak berritzea. Kultur gune berriaren funtzionamendurako beharrezkoak diren hornidurak jartzea.
- Egungo hormigoizko egituraren zatirik handiena bere horretan mantentzea, beti ere, aurrekoak egitea gaitzesten ez badute behintzat.
- Kanpoaldeari irudi sendo eta erakargarria ematea, aldi berean inguruan dauden kultur eta zerbitzu eraikinekin bat.
Lotutako albisteak

Udalak positibotzat jo du kolektiboek eta herritarrek espazioaren etorkizunaren definizioan duten inplikazioa